"Gasco eta Odon Irrikitaldiko 'hit'-etako batzuk dira! Bai, aterako dira"
Pandemiak eragindako etenaldi luze baten ostean, amaitzear dago 2022ko Aste Nagusi Pirata, baina oraindik askorentzat onena dena gelditzen da: Irrikitaldia. Prest al daukazue iganderako mozorroa? Urteroko legez, Donostian azken hilabeteotan gertatutakoaren errepasoa eta kritika egingo dute antzezlanean, umoretik, beste Donostia horren parodia eginez. Irrikitaldiko lantaldeko kideekin aurtengo sentsazioez hitz egin dugu, eta Irrikitaldian dena sorpresa izaten denez, euren izen-abizenak ez dituzte eman nahi izan. Hilaren 21ean, 17:00etan hasiko Irrikitaldia, Bulebarreko kioskoan.
Hiru urte pasatu dira azkenekoz Irrikitaldia ohiko moduan egin zenutenetik. Gogoz egongo zarete, ezta?
Azken bi urteotan ez dugu ohiko Aste Nagusi Pirata antolatu, baina egia da iaz bai egin genuela Irrikitaldi moduko bat Trinitate plazan; abisatu gabe eta inprobisatuta. Ondo egon zen, baina betiko formatua errekuperatzeko gogoz gaude. Iaz Trinitate plazan egitea alternatiba on bat izan zen, baina kalea hartzearen izaera hori galdu zuen. Horregatik, hori berreskuratzea polita izango da.
Nola doa prestaketa?
Bileraren bat izan dugu dagoeneko, eta ildoa eta pertsonaiak argi dauzkagu dagoeneko. Detaile batzuk fintzea gelditzen da, baina nahiko bideratuta daukagu.
Lantalde honen berezitasuna da lehenengo aldiz Aste Nagusian bertan biltzen garela. Eta, lehenengo bilera hori egiten dugunean, hasieran kostatzen zaigu ideiak botatzen hastea, baina gero bakoitza bere xelebrekeriak botatzen hasten da, eta ideia ugari ateratzen dira. Lehenengo bileran, bi orduan, gidoi moduko bat egin genuen, pertsonaiak erabaki, gagak garatu, eta abar. Bestalde, gidoiaren bizkarrezurra zehazten dugunean, bakoitzak askatasuna dauka bere pertsonaia nahi duen moduan garatzeko. Hau da, ez da gidoi itxi bat: erabakitzen da zer gai aipatu behar diren, baina bakoitzak erabakitzen du bere pertsonaiaren tonua, gaia noiz eta nola aterako duen, eta abar.
Bakoitzak bere perlada botatzen duenean, gainontzeko taldekideak dira termometroa, ideia hori benetan ona den edo ez den jakiteko; agian zure buruan izugarria da, baina taldekideek esaten dizute ez duela funtzionatuko edo beste modu batean egin daitekeela, eta abar. Hori ere polita da. Aipatzekoa da, baita ere, Irrikitaldiko kartel guztiak eta material guztiak guk geuk egiten dugula [elkarrizketa hau egiterakoan, hain zuzen, horretarako bilduta zeuden].
Berritasunik egongo da?
Bai, zerbait berria egongo da. Hirian gertatu den zerbaiten inguruko kritika egiten da beti, eta oraingoan ere badago gai zehatz bat erabakita. Eta, bai, egongo da sorpresatxoren bat [barrez].
Urtero gai desberdinak izaten ditugunez hirian, beti dago zer hitz egin. Ia-ia, ez dugu guk erabakitzen zertaz hitz egin, gaurkotasunak erabakitzen du. Zoritxarrez, gure hiri honetan gauza askotaz hitz egiteko aukera daukagu. Beraz, etengabe berritzen da.
Normalean, urteko errepaso moduko bat izaten da, baina azken bi urteotan ez da Irrikitaldirik egon. Pandemiaren urteei ere erreferentziaren bat egingo diezue?
Erreferentziaren bat egingo zaie bi urteoi, bai. Azkenean, pandemia osteko lehenengo Irrikitaldia da. Eta, esan bezala, hiri honetan beti gertatzen dira gauzak; beraz, errepaso moduko bat egingo dugu, bai. Hainbeste gauza gertatzen dira, askotan ez dakigula zeintzuk aukeratu!
Aurreratu daiteke zerbait?
Aurreratu daiteke betiko pertsonaiak ez direla faltatuko, jendea lasai egon daiteke. Hortik aurrera, gaiaren arabera aldatuko da antzerkiaren bizkarrezurra.
Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotzia Irrikitaldiko pertsonaia klasiko bat izan da, adibidez, eta azken Irrikitaldian oraindik zinegotzi zen. Dagoeneko ez dago Donostiako Udalean, baina Irrikitaldian egongo da?
Ernesto Gasco eta Odon [Elorza] beti dira ateratzen diren pertsonaia horietako batzuk, eta gainera gero jendeak aldarrikatzen ditu; Irrikitaldiko hit-etako batzuk dira! Bai, aterako dira. Dagoeneko ez daude udalean, baina gure bihotzetan bai [barrez].
Ohiko ibilbidea izango du aurtengo Irrikitaldiak?
Bai. Bulebarrean hasiko da, kioskoan zerbait egongo da, eta hortik betiko paseilloa egingo dugu Santa Maria elizaraino, han performance handia egiteko.
Nola gogoratzen duzue 2019ko azken Irrikitaldi hori?
Oso ondo pasatu genuen! Bakarrik doa dena: jendeak animatzen zaitu, zu animatzen zara eta aurrera. Irrikitaldia jai oso garrantzitsua da denontzako; alde batetik, dagoeneko ez daukazulako ardurarik, eta, bestetik, astean zehar pilatutako gauza guztiek boom hori daukatelako Irrikitaldian. Soilik deskantsatu eta ondo pasatu nahi dugu. Aste Nagusiko gauzarik onena da.
Egia da, baita ere, bertigo pixka bat ematen duela, batez ere lehenengo aldiz parte hartzen duzunean. Horrela ere, jendeak badaki ez dela zerbait profesionala, jolas bat dela, eta onartzen du. Jendea oso eskuzabala da, eta, azkenean, denak ari gara paper bat egiten: denak mozorrotzen gara, denak gara ‘espainolak’ nolabait… [barrez].
Jendea gogoz ikusten duzue?
Jendea gogo handiz dago, bai. Askok esaten digute, ‘aurreratu zerbait, ezingo dudala ikustera joan’, eta abar. Baina ez, ezin da ezer aurreratu, eta, azkenean, sorpresaren osagai hori garrantzitsua da Irrikitaldiak bere xarma mantentzeko. Jendeak ez daki zer gertatuko den, eta, askotan, guk ere ez [barrez]. Erdi inprobisatua denez, batzuetan esan behar ez zenuen zerbait esaten duzu, ez dakizu besteek zer esango duten, eta abar. Irrikitaldiaren parte da.