Goiak uste du PSE-EE "beste leku batetik inposatutako interesak" defendatzen ari dela tasa turistikoaren harira
Eneko Goia alkatea hirian tasa turistikoa ezartzearen alde agertu da berriki Onda Vasca irrati katean eskaini duen elkarrizketa batean, eta iritzi hori berretsi zuen asteazkenean, hedabideon aurrean egindako adierazpenetan, gaiari buruz galdetuta: “2019an norabide horretan ari ginen lanean, baina pandemiarekin dena geldiarazi zen. Orain, normaltasunera itzultzen ari garela, gaia berrartu behar dela uste dut”, adierazi zuen. Horren aurrean, “harrituta” agertu zen PSE-EE gobernukidea, eta zera adierazi zuen Marisol Garmendia PSE-EEren bozeramaileak eta hiriko bigarren alkateordeak: “Orain, badirudi turismoa, lanpostu ugari sortzen dituena eta tokiko ekonomian eragin handia duena, Donostian zenbait erabaki egunero sortzen ari diren zirkulazioren kaosetik arreta aldentzeko aitzakia dela”.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan eskainitako elkarrizketa batean, Goiak Garmendiaren hitzei buruz hitz egin du, eta kritiko agertu da: “Harrigarria iruditu zaizkit adierazpenak, kontuan hartuta udalak aho batez onartu zuela tasa turistikoaren kontua. PSE-EEk azaldu beharko du zergatik iritzia aldatu duen. Donostiak duen posizioaren gainetik beste leku batetik inposatutako interesa defendatzen ari direla uste dut”. Udal gobernuaren barruko desadostasuna agerikoa da afera horri dagokionez.
Horrez gain, Goiak asteazkenean esan zuen udalak ez duela tasa turistikoa ezartzeko eskumenik, eta hori Eusko Legebiltzarrak egin beharko lukeela. Horren harira, Javier Hurtado Jaurlaritzako Turismo sailburuak, bera ere PSE-EEkoa, esan zuen legealdi honetan ez diotela gaiari helduko. Horri ere erantzun dio alkateak: “Sailburuaren iritzia izango da ez dela behar. Baina Donostiaren errealitateak ez du bat egiten iritzi horrekin. Tresna garrantzitsua izan daiteke hiriarentzat, turismoak sortzen dituen zerbitzu gehigarrien kostuari aurre egiteko”.