Iraileko bigarren hamabostaldian irekiko dute Astiñeneko zubia
Astiñeneko zubi berriaren lanak, ekainean. (Argazkia: Xalba Ramirez) Beste atzerapen bat izan dute Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriko lanek, eta udalak orain aurreikusten du iraileko bigarren hamabostaldian irekitzea zubi berriko zirkulazioa. Atzerapen ugari izan ditu dagoeneko, eta azken aurreikuspena ekainean egin zuten: abuztuko bigarren hamabostaldian irekiko zutela esan zuten.
“Zubiko espaloi berriak osatuko dituzten lauza aurrefabrikatuen etorrera atzeratzeak beste behin atzeratu du gure aurreikuspena. Kantabrian egindako lauza horiek orain iristen ari dira, eta dagoeneko jartzen ari dira; beraz, irailaren bigarren hamabostaldian amaituko dira zubiko lanak, ezusteko berri bat sortzen ez bada”, azaldu du Duñike Agirrezabalagak, Hiri Proiektuetako zinegotziak. Lauza horiek jarri ostean, gasaren hodiak jarriko dituzte azpitik, eta orduan emango dute amaitutzat proiektua.
Gogoratu behar da Astieñeneko zubi berriko lanak 2018an adjudikatu zituztela, 3,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2020an irekitzea aurreikusten zutela orduan.


