Kontxako hondartzak 'House Of The Dragon' telesailaren estreinaldia sustatuko du
Kontxako hondartza aukeratua izan da datorren astelehenean, abuztuaren 22an, Game Of Thrones telesailaren prekuela izango den House Of The Dragon-en estreinaldia mundu osoan sustatzeko. House Of The Dragon George R.R. Martinen Sua eta odola eleberrian oinarrituta dagoen telesaila da eta Targaryen etxearen ezinbesteko istorioa kontatzen du. HBO MAX plataforman ikusi ahalko da telesaila eta lehenengo denboraldia 10 kapituluk osatuko dute. Istorioari dagokionez, Game Of Thrones-en gertakarietatik baino 200 urte lehenago kokatuta egongo da.
San Sebastian Gipuzkoa Film Comission (SSGFC) bulegoak, Donostiako Sustapenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren menpe dagoenak, adierazi du abuztuak 22tik 24ra, gauerdirarte, Kontxako hondartzan Targaryen familiaren armarriaren harrizko birsorkuntza ikusi ahalko dela. Armarriak hiru metroko diametroa izango du, eta Rocadragon uhartearen antzeko harriekin egingo da. Jon Foremanek egingo du armarria, Land Art-eko (naturan aurkitutako materialak soilik erabiltzen dituen arte garaikideko mugimendua) erakusle berrienetako batek. Foremanek artelan iragankorrak egiten ditu, batez ere harea, arroka eta adarrekin, eskala desberdinetako konposizioak sortuz, ikusizko erakargarritasun handiarekin.
Igandean, abuztuak 19, hasiko dira armarria muntatzeko eta sortzeko lanak eta astelehenean egunsentirako hondartzara hurbiltzen diren pertsona guztiek bukatuta egongo den eskultura ikusi ahal izango dute. Bi egunetan zehar, donostiarrek asteazkeneko gauerdia baino lehen desmuntatuko den eskulturaz gozatzeko aukera izango dute.