Piratek euskal presoak etxean nahi dituztela aldarrikatu dute
Arratsaldeko 20:00etan Enkartelada egin dute Xibaro kofradiako kideek. Flamenka gunean ehunaka pertsona izan dira presoen aberriratzea eskatu dutenak eta bi pankarta eraman dituzte manifestazioan zehar. Batak, Euskal presoak eta iheslariak etxera! leloa zuen eta besteak Ez gaude denok esaldia idatzita zuen. Flamenka gunetik Portu kalera abiatu dira, Ikusi mendizaleak abestia jotzen ari zen txaranga batekin eta Parte Zaharreko kaleetan barrena sartu dira, Kale Nagusitik Bulebarrera ateratzeko. Ondoren, Hernani kaletik joan dira Pantxoa eta Peioren Batasuna abestiaren erritmoarekin dantza eginez, eta Askatasunaren Hiribiderantz abiatu dira. Askatasun Hiribidea zeharkatu ondoren Okendo kalera joan dira eta bertan Kalera, Kalera abestia jo dute. Bulebarretik Flamenka gunera iritsi dira, beste hainbat abesti dantzatuz. Manifestazioan adin guztietako pertsonak parte hartu dute eta askok presoen irudiak zituzten kartelak eraman dituzte.
Flamenka gunean makina bat pertsona zeuden itxoiten eta txaloekin harrera eman diete. Manifestazioa 20:45etan amaitu da eta ondoren presoen aldeko balsa dantzatu dute eszenatokiaren azpian. Hasieran jendea nahiko lotsati agertu da eta ez dira dantzatzen ausartu, baina gero asko erdigunera atera dira Artillero musikarekin balsa dantzatzera, presoen etxeratzearen aldarrikapena jai giroan eginez.
Jarraian bals-aren bideoa ikusi dezakezue: