Irrikitaldiarekin amaitu da Aste Nagusi Pirata
Hiru urte itxaron behar izan dituzte, baina Irrikitaldiaz gozatu dute berriz ere Donostiako Piratek, 2022ko Aste Nagusi Piratari amaiera emateko. Eguraldi onak lagunduta, mozorrotutako jendetza bildu da 17:00ak aldera Bulebarreko kioskoaren inguruan, ohiko parodia antzerkia ikusteko zain; denetarik zegoen ikusleen artean: toreatzaileak, ertzainak, belle époque-ko jendea, abortuaren aurkakoak gurutze eta guzti, aristokratak, eta abar.
Kioskora igo dira antzezleak, eta pertsonaia guztiak zeuden: Eneko Goia alkatea, Juan Jose Padilla toreatzailea eta bere zezena, Arantxa Tapia sailburua, udaltzainak, Martin Berasategi sukaldaria, Jon Insausti zinegotzia (eta, beraiek esan duten moduan, Donostiako hurrengo alkatea), Jose Ignazio Munilla Donostiako gotzain ohia, eta abar. Goia sariak banatu dituzte lehenik, eta Monopoly jaunarentzat izan da aurtengoa, Goiaren hitzetan, “gure hiri ereduaren balioekin bat egiten duelako”. Ez dira faltatu, noski, Toros sí, política no eta Toros sí, piratas no aldarri ohikoak.
Handik, paseillo-an joan dira Santa Maria elizaraino, eta Munillak hartu du hitza, Orihuelan ongietorria eman zion asto eta guzti. Haserre agertu da aurten Flamenkan entzundako abestiekin: Yo soy tu gatita eta halakoekin. Era berean, eskerrak eman dizkie Askabide klinikaren aurrean emakumeak jazartzen aritu ziren abortuaren aurkakoei. Donospolira jolastu dira ondoren Padilla, Berasategi, Tapia eta herri xumea; azken gizajo hori, ordea, udaltzainek kolpeka kaleratu behar izan dute, kartzelaren laukian erori ostean. Berasategi, aldiz, Okendoalden egingo duten Basque Culinary Centerren laukian erori da, Padilla Antondegikoan (surf parkeaz gain, zezen plaza egingo omen dute han) eta Tapia pribatizatu nahian dabiltzan kaiko arrapalan; azkenean, ordea, lauki guztiekin arrasatu du.
Hortik aurrera, txaranga doinuekin Ikatz kalera abiatu dira denak, eta Parte Zaharra jai giroan murgildu da berriz ere, Aste Nagusi Pirata behar bezala amaitzeko. Jarraian, antzerki osoaren bideoa eta Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren irudi bilduma ikus ditzakezue: