Alba Menendez jokalariak apurtuta du sudur hezurra
Alba Menendez jokalaria, partida batean. (Argazkia: Bera Bera) Bera Berako Alba Menendez jokalari zarauztarrak sudur hezurra hautsi zuen ostiralean. Taldeak jakinarazi duenez, minutu bat falta zen Bera Bera eta TSV Bayer 04 Leverkusen taldeen arteko partida amaitzeko, Celles sur Bellen (Frantzia). Donostiarrak gol bat aurretik zirela, Menendezek aurpegian kolpe gogor bat jaso zuen. Epaileek jokalari alemaniarra kanporatu zuten eta Boadak ordezkatu zuen kapitaina azken jokaldian.
Atzo goizean egindako erresonantzian haustura txiki bat ageri da sudur hezurrean, desplazamendurik gabe. Bajarako aurreikusitako epea lau astekoa da, beraz, ligaren hasiera galduko du.
Bestalde, Malena Cavo jokalariari eskuin belauneko meniskoa hautsita zuelako egin zioten ebakuntza ondo atera dela jakinarazi du Bera Berak. Meniskoa josi diote, lotzea ezinezkoak ziren zatiak kendu dizkiote eta, era berean, kartilagoa ere garbitu diote. “Cavo ondo dago eta etxean da dagoeneko atsedena hartzen”, azaldu dute.

