Etzieta parkeko zuhaitzak mozten ari dira Marrutxipiko lotunea egiteko
Gipuzkoako Aldundiak ekaina hasieran abiatu zituen GI-20 saihesbideko Marrutxipiko lotune berria egiteko lanak. Errei bat itxi eta egokitzapenak egin ostean, Intxaurrondoko Etzieta parkeko zuhaitzak mozten hasi ziren. Lehenik, errepidea bitan zatitzen duen berdegunekoak kendu zituzten, eta, orain, Mons pasealekukoak mozten ari dira. Oinezkoentzako bidea zeharo itxi, eta makinak lanean ari dira.
Guztira, 180 zuhaitz moztuko zituztela iragarri zuen aldundiak, baina gehiago izango direla salatu zuten Eguzki Erakunde Ekologistak eta Parkea Bizirik plataformak. “Markatutako zuhaitzen eta autobidearen artean hesi batez mugatutako eremu bat dago, non zuhaitzak ez diren markatu (aldundiaren lursaila da). Eremu horretan 362 zuhaitz zenbatu dira eta horiek ere moztuko dituzte. Moztu beharreko zuhaitzen benetako kopurua 542 zuhaitzekoa da”, gaineratu zuen Parke Bizirikek.
Zirkulazioa arintzea helburu
Azpiegitura honen bidez, hiriko zirkulazioa arintzea du helburu aldundiak. Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak nabarmendu zuenez, “gaur gaurkoz, Donostiako zirkulazioa Urumea pasealekuaren mende dago, eta beste aukera bat behar du. Alternatibak irekitzeak zirkulazio kolapso gutxiago eragingo du, ibaiarekiko menpekotasun gutxiago”.
Marrutxipiko lotura berria Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean kokatuko da. Iparraldean Etzieta eta hegoaldean Castelao parkeekin 580 metroko distantziara dago, oso urbanizatuta dagoen ingurune batean. Sarrera eta irteera mugimendu guztiak hartzen dituen lotura oso bat izango da, ekialdekoa zein mendebaldekoa, Etzieta eta Castelao parkeei eragin gabe. Lotura berri honek Ategorrietatik eta Ipar Intxaurrondotik sartzeko eta irteteko aukera irekiko du, eta horrek hiritik irteteko beste bide batzuk deskargatzen lagunduko du. Esaterako, Frantziako pasealekua eta Federico Garcia Lorca pasealekua, gaur egun Grosetik eta Egiatik ateratzeko erabiltzen dena.