Mirakontxa pasealekuko espaloia konpondu dute
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Mirakontxa pasealekuko espaloia konpontzeko lanak bukatu dituzte. Azken hilabeteotan aritu dira espaloia berritzen; 60 metroko zati bat, zehazki. Zoladuran pitzadura batzuk aurkitu zituzten, eta lur jausi txiki batzuk ere bai, euri urak eragindakoak. Obraren iraupena hiru hilabete ingurukoa izan da, eta 89.908 euroko kostua izan dute.
“Ezpondari eusteko obra bat egin da, eta, gero, espaloia berregin egin da, baita pasealekuak dituen begiratokietan ere. Baranda ere berritu da, bai berde kolorekoa, pasealekuaren luzetarako tartekoa, bai eta Kontxa modeloko barandak ere, eserlekua duten begiratokietan daudenak”, azaldu du Hiri Mantentzeko zinegotzi Miguel Angel Diezek.