Pozoiak eta deabruak disko batean bildu dituzte Ghost Number donostiarrek
Donostiako Ghost Number taldeak prest du hirugarren diskoa: Venenos y demonios. Urriaren 14an argitaratuko dute Folc Records zigiluaren bidez, eta aurrerapen moduan Oskar Benas musikari zein artistak egindako azala aurkeztu dute.
Lan berriak pozoi asko eta deabru asko izango dituela adierazi du David Pisabarro musikari eta gidariak: “Labur esanda, jai giroko disko ilun bat da (Nola ez!). Iluntasunaren, hondoa jotzearen, iluntasunaren nagusitasuna bere gain hartzen den unearen eta arrakasta gehiagorekin/gutxiagorekin harekin bizi/gozatu nahi den unearen ondorengo euforia unean kokatutako diskoa. Hori egitea Everestera oxigenorik gabe eskalatzea bezalakoa izan da, eta, aldi berean, beharbada, gehien dibertitu naizen diskoetako bat kantuan eta jotzen, negar gehien egin dudan diskoetan, dantza gehien egin dudanetan. Alde guztietatik odola darion diskoa”.
Proposamen berezia du Ghost Number bandak. Lehen diskoan calypso, swing, country edo son kubatarra landu zituen. Bigarren diskoan garrantzia gehiago hartu zuten cumbia, lo-fi eta calypso doinuek. Hirugarrena entzun beharko da donostiarren egungo proposamena nolakoa den jakiteko.