Elkano omenduko du Kontxako Banderak
Gizonezkoen sailkatze estropada hilaren 31n jokatuko da, eta emakumezkoena irailaren 1ean. Aldiz, lehen jardunaldia irailaren 4an izango da, eta bigarrena irailaren 11n.
Gaur goizean aurkeztu dute 2022ko Kontxako Bandera, Donostiako Udaletxean. Aurtengo estropadek Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizona omenduko dute, 500 urte beteko direlako munduari lehen buelta eman zionetik. Horrela, emakumezkoen eta gizonezkoen banderek Elkano omentzeko lazo bana izango dute. Bi urtez ikuslerik gabe egin ondoren, estropadek beren ohiko izaera berreskuratuko dute aurten.
Lau egunetan jokatuko da Kontxako Bandera. Lehen biak sailkatze estropadak izango dira. Abuztuaren 31n gizonezkoena jokatuko da, eta, guztira, 24 talde ariko dira lehian. Horietatik zazpi onenak sailkatuko dira, eta Donostiarrarekin batera –beraz, zortzi traineru– hurrengo bi igandetan lehiatuko dira. Gogora dezagun Donostiarrak ez duela sailkatze estropadarik jokatu behar.
Santurtzi iazko txapeldunak ez du parte hartuko, inskripziorik egin ez zuelako eta Donostia Festaken gonbidapena jaso ez duelako. Eneko Goia alkateak azaldu du gertaturikoa: “Klubak ez zuen izena eman hainbat arazo dituztelako. Bada beste aukera bat parte har dezaten, eta hori gonbidapen bidez litzateke. Ordea, Santurtzi gonbidatuko balitz, izen-ematea ondo bete zuen beste klub bat kanpoan utzi beharko litzateke. Pena da, baina espero dugu Santurtzi hemen izatea datorren urtean”.
Emakumezkoen sailkatze estropada, berriz, irailaren 1ean izango da. Hemeretzi taldek parte hartuko dute, eta horien artean izango da Donostia Arraun Lagunak iazko banderaren irabazlea. Jakina denez, Donostiarra da sailkatze estropada jokatu behar ez duen hiriko trainerua. Horrela, Arraun Lagunakek sailkatze estropada jokatuta egin beharko du iazko errepikatzeko bidea. Zazpi onenak sailkatuko dira Donostiarrarekin batera bandera jokatzeko.
Kontxako bi banderak Donostian geratzeko nahia adierazi du Goiak, eta eskaera hori Donostiarrako eta Donostia Arraun Lagunakeko ordezkariei helarazi die: “Iaz banderetako bat hemen geratu zen, eta gustatuko litzaidake aurten bi banderak hiriko traineruek irabaztea”.
Berdintasuna sarietan
Sarietara bideratutako zenbatekoa berdina izango da emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Guztira, 85.500 eurokoa izango da bi kategoriatan, eta 25.000 euroko ari ekonomikoa eta bandera emango diete irabazleei. Bestalde, Adegik 5.000 euro eta oroigarria emango diete Gipuzkoako bi traineru hoberenei. Azkenik, Euskadiko Kirol Portuak Kontxako Bandera babestuko du bere bi kategoriatan, eta garaikur bana emango diote irabazleei.
Vera Cruz itsasontzia, badian
Esan bezala, Kontxako Banderak Elkano omenduko du. Izan ere, 1522ko irailaren 6an, marinel getariarra, Victoria itsasontzia buru zuela, San Lucar de Barramedara iritsi zen, munduari bira lehen aldiz eman ondoren. 500 urte beteko direnez, bi banderetan lazo bana jarriko dute Elkano omentzeko. Horrekin batera, irailaren 4an, Vera Cruz itsasontzi portugaldarra Donostiako badian ainguratuko da, estropadak egiten diren garaian.
XV-XVI. mendeetako karabela portugaldar baten erreplika da, 2.000 urtean eraikia, Brasilen aurkikuntzaren bostehungarren urteurrena gogoratzeko. 23,8 metroko luzera du, eta 100 tona inguruko pisua. Karabelak 20 lagunei badiaren erditik estropadak ikusteko aukera eskainiko die. Hala, abuztuaren 31ko gauerdira arte, 5 gonbidapen bikoitzen zozketan parte hartzeko aukera dago, irailaren 4an estropadez gozatzeko. Zozketan parte hartzeko, honako helbide honetan dagoen formularioa bete behar da. Zozketa irailaren 1ean izango da, 12:00etan, Donostia Kultura Festaken bulegoan (Konstituzio plaza).
Pasealeku Berritik, Urgulletik, Kaitik eta Alderdi Ederretik estropadak ikusteko sarrerek, berriz, prezio hauek izango dituzte: 4 euro sarrera orokorra, 2 euro orokorra murriztua (langabetuak, pentsiodunak eta 30 urtez azpikoak), doan 12 urte bitarteko haurrentzat, eta tribunako orokorrak 8 euro (doan 6 urte bitarteko haurrentzat, eserlekua okupatu gabe).