Parkea Bizirikek Marrutxipiko zuhaitzen mozketa salatu du
Aste honetan hasi dira Intxaurrondoko Etzieta parkeko zuhaitzak mozten, GI-20 saihesbideko Marrutxipiko lotune berria egiteko. Parkea Bizirik elkarteak zuhaitzen mozketa salatu du: “Agintariek ez diete jaramonik egin zuhaitzak ez botatzeko jendearen eskariei. Ekologiako zinegotzia eta Ingurumeneko foru diputatua ez dira borrokatu zuhaiztia babesteko”.
Elkartearen arabera, 542 zuhaitz dira moztuko dituztenak. 180 Donostiako Udalaren lursail batean daude, eta beste 362 Gipuzkoako Aldundiaren aldameneko beste lursail batean. Hain zuzen ere, aldundia da azpiegitura berriaren arduraduna. Lanak uztaila erdialdean abiatu zituzten. “Inork eskatu ez duen saihesbiderako irteera bat eraiki nahi dute. 2021eko irailean, udal eta foru gobernuburuek adierazpen publikoen bidez, ingurumenean ez zela kalterik izango berretsi zuten”, ohartarazi du Parkea Bizirikek.
Zirkulazioaren zarataren mapa
Udalak hiriko zirkulazioaren zarataren mapa argitaratu berri duela gaineratu du elkarteak. “Hain zuzen ere, saihesbiderako sarbidea eraiki nahi den lekuan, hirian zarata kutsadura gehien duten hiru eremuetakoetako bat da, bizilagunen osasunaren kalterako”, azaldu dute. “2020ko martxoaren 17tik, Donostia klima larrialdi egoeran dago. Erregistroak daudenetik, 2022k tenperatura maximoen errekorrak goia jo du eta bero boladak pertsona askoren heriotza eragiten ari dira.
Zergatik ebaki zuhaitzak hiriko tenperatura moteltzen badute?”.