Galiziara doaz etxeko estropadan aritu aurretik
Euskolabel ligak aurrera jarraitzen du, Kontxako Banderaren atarian. Bihar Coruñan (18:13) eta etzi Boiron (12:13) ariko da Donostiarra, eta denboraldiko erregulartasuna mantentzen ahaleginduko dira Galiziako uretan. Izan ere, lau onenen artean daramate sasoia, nahiz eta lidergoaren lehiatik zertxobait urrundu.
Urdaibai eta Hondarribia nor baino nor aritu dira azken estropadetan, eta baliteke asteburuan horrela izatea. Donostiarrak bi horien arteko markaketa baliatu beharko du banderaren bat lortu ahal izateko. Sailkapen nagusiko liderra Urdaibai da 172 punturekin, bigarren tokian dago Hondarribia 169 punturekin eta Donostiarra hirugarren 163 punturekin.
KAE 2 ligan, berriz, Donostiarraren bigarren taldeak estropada bakarra izango du bihar, Colindresen (Kantabria, Espainia).