Lehen pilota jaialdia egingo dute etxeko pilotariekin
Añorga Txikiko jaiak irailaren 2an eta 3an egingo dituzte, eta adin tarte guztientzako egitaraua prestatu dute bizilagunek.

Urrun geratu da 2019. urte hura, azkenekoz Añorga Txikiko festak antolatu zituzten garaia. Halere, bukatu da itxaronaldia eta normaltasunez egin ahal izango dituzte Añorga Txikin ere festak. «Oporrak bukatzen direnean, guk Añorga Txikiko Jaiak ditugu. Horrela errutinarako itzulera arinagoa da. Oporrak eta gero jendea berriro ikusteko egun politak dira», adierazi du Añorga Txikitarrak auzo elkarteak.
Hainbat berritasun dituen egitaraua antolatu dute herritarrek, eta horien artetik nabarmentzekoa da irailaren 2an egingo duten pilota jaialdia. Batetik, lehen aldia delako, eta, bestetik, Añorgako pilotarien artekoa izango delako. Urmeneta-Manterola V eta Matxain III-Eraunzeta parez pare ariko dira Añorga Txikiko frontoian. «Gure ustez, arrakastatsua izango da, eta gure frontoiaren ezaugarriak ikusita, jendeak gozatuko duen ekitaldia izango da. Oso pozik gaude Añorga Txikin pilotak adin guztietako jarraitzaile asko dituelako, eta polita izango da gure frontoiaren harmailetan jendea pilotaz gozatzen ikustea».
Aldiz, egingo ez dutena goitiberen jaitsiera izango da. Denboraz estu ibili dira antolatzeko, eta ez dituzte egingo. «Hala ere, haurrek zein gazteek aukera izango dute puzgarrietan jolasteko eta gozatzeko».
2019 hartan estreinatu zuten txosna frontoian, eta horri eutsiko diote. Baita haurren bizkotxo txapelketari ere, lehen edizioak harrera ona izan ostean. Horrez gain, ohiko patata tortilla txapelketa ere ez da faltako.
Arrakastaren bidetik
Herritarrak elkartzen diren jarduerak izaten dita jendetsuenak eta arrakastatsuenak. Horregatik, egitarauan leku finkoa dute. «Larunbat goizean egin ohi dugun sardina eta sagardo dastaketak jende asko erakartzen du. Duela urte asko egiten dugu eta giro paregabea egoten da. Gainera, goiza borobiltzeko patata tortilla txapelketa egiten dugu. Hain auzo txikia izateko, urtero igotzen da parte hartzaileen kopurua. Baita maila ere. Normalean 50 tortilla inguru aurkezten dira, eta kopuru esanguratsua da», adierazi du auzo elkarteak.
Bazkari herrikoiak ere harrena ona izan ohi du Añorga Txikiko jaietan. Paella prestatzen dute izena ematen duten herritar guztientzako. «Eguraldiarekin zortea izanez gero, eskola zaharreko lorategian ospatuko dugu. 2019an jaien aldeko bingoa egin genuen bazkalostean eta oso dibertigarria izan zen».
Gazteentzat kontzertuak izan ohi dira erakargarrienak, eta aurten Donostiako Indabe talde gazteak joko du. «Esan digutenez, giro polita sortu zuten Aste Nagusi Piratan».