Manchester, Tiraspol eta Nikosia bisitatuko ditu Realak
Europa ligako zozketa egin dute eguerdian, eta Realari E multzoa egokitu zaio. Arerioak, berriz, hiru dira, eta ez dira gainditzeko errazak izango: Manchester United, Sheriff Tiraspol eta Omonia. Horiek horrela, Manchester (Ingalaterra), Tiraspol (Moldavia) eta Nikosia (Zipre) bisitatuko ditu talde txuri-urdinak. Baita sarrera eskuratzen duten zaleek ere, noski.
Aurkarien artetik Manchester United izango da zailena eta ezagunena. Azkenekoz, 2020-2021 denboraldian egin zuen topo Realak Ingalaterrako taldearekin Europa ligako final hamaseirenetan. 0-4 galdu zuten joanekoan txuri-urdinek, eta itzulerako neurketan hutsean berdindu zuten. Aurten aldaketa asko izan dituen taldea da, eta Ingalaterrako liga ez dute ondo hasi. Halere, arerio arriskutsuena izango da Realarentzat.
Gainerako bi taldeak ezezagunak dira txuri-urdinentzat, baina dagoeneko bidea egina dute Europan. Beraz, ligaxka gainditzeko mailarik onena eman beharko du Realak.
Hirugarren jardunaldia
Jokalari garrantzitsu baten hutsunearekin, txuri-urdinek ligako partida jokatuko dute bihar Elxen kontra (17:30). Bartzelonaren kontra Anoetan astindua jaso ondoren, Cadizen izandako sentsazio onak berreskuratzen saiatu beharko da Reala.