Suek zeruan eztanda egin gabeko gauak
Eguraldiagatik lehenengoz bertan behera utzi dituzte su artifizialak aurtengo Aste Nagusian; asteazkenean, hain zuzen ere. Orain arte, arrazoi horregatik atzeratu egin izan dituzte, eta, su artifizialak bota ez badituzte, bestelako arrazoi batzuengatik izan da.

Aurtengo Aste Nagusia berezia izan da, hiru urteren ostean, herritarrek berriro ere Donostiako jai handiez gozatzeko aukera izan dutelako. Baina, egutegian beste arrazoi batengatik ere geratuko da markatuta aurtengo Aste Nagusia: eguraldi txarra dela eta, lehenengoz, su artifizialak bertan behera utzi behar izan zituztelako hilaren 17an.
Fully Fused Fireworks etxe britainiarraren suek argitu behar zuten gau hori, baina Donostiako Festakek ikuskizuna bertan behera uztea erabaki zuen, orduko 64 kilometroko haize bolada bortitzak neurtu zirelako gau horretan. Aipatu bezala, 1964an Donostian su artifizialen lehiaketa eskaintzen hasi zirenetik, lehenengo aldia da eguraldiagatik bertan behera uzten dituztela. Izan ere, Jokoen eta Ikuskizunen Legeak zehazten duenez, orduko 36 kilometro edo gehiagoko haize boladak neurtzen badira, ezinezkoa da su artifizialak botatzea.
Hala ere, aipatzekoa da su artifizialak atzeratu egin izan dituztela euriagatik edo haizeagatik. Eta bertan behera geratu izan direnean, beste arrazoi batzuengatik izan da. Donostiako Festaken datuen arabera, 1977ko Aste Nagusian, hiru egunetan erabaki zen suak ez botatzea. Giro politiko nahasia zegoen une horretan, eta egunero amnistia osoaren aldeko manifestazioak antolatzen zituzten, Miguel Angel Apalategi Apala euskal militantea ez estraditatzeagatik eta Xabier Larena eta Manuel Blanco Chivite FRAPeko kazetaria aske uzteko eskatzeko.
Urte hartako abuztuaren 19an, Teide Piroteknia etxearen ikuskizunean zehar, manifestari batzuk jaurtiketa eremura sartu ziren, eta ikuskizuna bertan behera utzi behar izan zen.
Hurrengo egunean, istiluek jarraipena izan zuten Donostian, eta Brunchu etxeak ere ezin izan zituen su artifizialak bota. Abuztuaren 21ean, arrazoi berberagatik, Parente etxe italiarra ere suak bota gabe itzuli behar izan zen bere herrialdera.
Ezbehar horien ondorioz, antolakuntza taldeak hiru izendapen egitea erabaki zuen, baina ez zuen saririk banatu. Hasieran, su artifizial horiek astebete beranduago eskaintzea pentsatu zuten, baina azkenean ikuskizunik ez egitea erabaki zen.
Surik gabeko beste aldi batzuk
Donostiako Festaken datuek diotenez, beste bi momentutan ere utzi behar izan dira suak bota gabe. 1978an, Francano piroteknia etxeak zailtasunak izan zituen garraioarekin materiala Donostiara ekartzeko, eta, iritsi ez zenez, gau horretan ere herritarrek ezin izan zuten Donostiako zerua argiz betea ikusi.
Hala ere, 1985ekoa izan zen urterik zorigaiztokoena. Arnal etxeak ikuskizuna bertan behera utzi behar izan zuen, jaurtiketa baten ostean, su artifizial batek publikoaren artean eztanda egin eta 5 urteko haur bat hil eta ehun lagun inguru zauritu zirelako istripu horretan.
Ekitaldirik jendetsuenetarikoa
Zailtasunak zailtasun, udalak aste honetan bertan egin duen balorazioaren arabera, su artifizialak izan dira jende gehien elkartu dituen ekitaldietako bat, Sagueseko kontzertuekin batera. Antolatzaileen kalkuluen arabera, 488.000 pertsona inguruk jarraitu dute Aste Nagusian zehar piroteknien 57. Nazioarteko Lehiaketa. Lau egunetan 100.000 pertsona inguru bildu ziren, eta «amaiera bikaina» izan omen zen ikuskizun piromusikalarekin, 110.000 pertsona bildu baitziren.
Hilaren 16an 85.000 lagun inguru bertaratu ziren, baina udalak gaineratu duenez, hilaren 18an, eguraldiaren ezegonkortasunaren ondorioz, jende gutxi atera zen kalera suak jarraitzera.
Aurtengo su artifizialen. 57. Nazioarteko Lehiaketako palmaresari dagokionez, Urrezko Maskorra Scarsella Fireworks piroteknia italiarrak eskuratu du. 2019an ere hartu zuen parte etxe horrek, eta orduan ere urrea eraman zuen.
Zilarrezko Maskorra, aldiz, Castelloko (Herrialde Katalanak) Marti Pirotekniarentzat izan da, eta, azkenik, Brontzezko Maskorra Kanaria Handiko San Miguel Pirotekniaren suek lortu dute. Horrez gain, Epaimahai Gazte Saria ere Marti Pirotekniak irabazi du.