Ura pitxerrean eta doan, derrigorrez
Apirilaren 8an onarturiko lege batek dio iturriko ura edo ontziratu gabeko ura doan eskaini behar dutela ostalaritza establezimenduek. Donostiako Udalak 2006an egitasmo bat jarri zuen abian taberna eta jatetxeek iturriko ura pitxerretan eskain zezaten. Apirileko lege hori betearazteko, udalak 2006ko egitasmoa berreskuratu du.
Bodega Donostiarrako zerbitzari bat iturriko ura pitxerretik zerbitzatzen. (Argazkia: Gorka Martinez) Pandemiaren murrizketak bukatu zirenetik, tabernak eta jatetxeak normaltasunera bueltatu dira azken hilabeteotan. Lagunekin eta familiarekin kanpoan bazkaltzea zein afaltzea berriz ere arrunt bilakatu da askorentzat, baina ostalaritzan aldaketak eman dira. Esaterako, duela bost hilabete, apirilaren 8an, Espainiako Gobernuak lege bat jarri zuen indarrean ostalaritza establezimenduei iturriko ura edo ontziratu gabeko ura doan eskaintzea derrigortzen duena.
Lege honen helburua taberna eta jatetxeetatik plastikoa pixkanaka erretiratzea da, ingurumenarentzat kutsakorra baita. Donostiako ostalaritza establezimendu askok betidanik ura doan eskaini izan dute, baina ez denek. Dena dela, orain derrigorrez iturriko ura doan eskaintzeko betebeharra dute guztiek.
‘Ura? Pitxerrean, noski!’
Aipaturiko legea nahiko berria izan arren, Donostiako Udalak 2006an kanpaina bat abiatu zuen tabernek eta jatetxeek iturriko uraren erabilera sustatzeko. «Udalaren kanpainarik luzeenetarikoa da», dio udalak berak. Kanpaina horren leloa Ura? Pitxerrean, noski! izan zen, eta Donostia egitasmo hau aurrera eraman zuen lehen hirietako bat izan zen: «New York, Boston edo Paris gisako hiriei jarraitu genien, plastiko hondakina ugaritzeak kezkatuta baitziren ordurako haiek».
Kanpaina honen bidez, udalak ostalaritza establezimenduei ura eskaintzeko pitxerrak doan banatzen zizkieten. Horretarako, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen laguntza izan zuten, eta aurreneko urte hartan 70 taberna eta jatetxek bat egin zuten kanpainarekin. «Orduz geroztik, 162 ostalaritza establezimenduk parte hartu dute. Batez ere, bazkariak eta afariak ematen dituztenak dira. Guztira, 4.600 pitxer banatu ditugu». 2006ko kanpainan parte hartu zuten establezimendu batzuei sari bat eman zien udalak iragan ekainaren 9an, udaletxean. Sarituetako batzuk dira Bodega Donostiarra, Casino Kursaal, Botanika, Avenida XXI, Cafe Okendo eta Luca. Horiek guztiek udalaren pitxerrak eskuratu zituzten, eta egun horiek erabiltzen jarraitzen dute.
Apirilaren 8ko lege berria dela eta, udalak berriz ere pitxerrak ematea erabaki du: «Momentu honetan stock-ean mila pitxer gelditzen zaizkigu gutxi gorabehera, aurreko kanpainatik soberan gelditu zirenak, eta azken hilabeteotan eskaria igo dela ikusi dugu». Gaineratu dutenez, biltegian dituzten pitxerrak bukatzean ostalaritza establezimendu bakoitzak bere kabuz eskuratu beharko dituela.
Lau establezimenduren testigantza
Bost hilabete pasa dira legea martxan jarri zenetik, eta ostalariek denbora izan dute ura doan eskaintzeko ohitura hartzeko. Hedabide hau hiriko lau ostalaritza establezimendurekin jarri da harremanetan beraien iritzia jasotzeko eta legea betetzen duten ala ez jakiteko. Establezimenduak ondorengoak dira: Bodega Donostiarra, Baga Biga, Gronx eta Erniope.
Gros auzoko Bodega Donostiarra tabernak betidanik izan du ura doan eskaintzeko ohitura: «Hasieratik egin dugun zerbait da». Udalaren kanpainarekin bat egitea erabaki zuten, eta 2009an taberna ireki zenetik egitasmoaren barruan daude: «Donostiako ura sustatu nahi zuen udalak, kalitatezko ura delako eta plastikoaren erabilera gutxitzeko. Horregatik, laguntza eskatu ziguten eta berehala onartu genuen».
Legea indarrean dagoenetik jendea kontzienteagoa dela uste dute. «Gainera, iturriko ura eskatzen dutenean badakite ezin dugula ezetz esan». Horrela ere, iturriko ura bereziki donostiarrek eskatzen dutela gaineratu dute; «atzerritarrek, normalean, botiladun ura nahiago izaten dute». Horrez gain, Bodega Donostiarrak aitortu du ostalari batzuek ez dutela gustuko iturriko ura doan eskaintzea. «Horrela ez omen dute dirurik irabazten. Gainera, pitxerrik ez zutela esaten zuten ura doan eskaini behar ez izateko».
Udalak emandako sariaren inguruan, aipatu dute hasieran «ehun tabernek gutxi gorabehera» bat egin zutela kanpainarekin. Dena dela, horietako gehienak bidean geratu zirela adierazi dute. «Saria gutxi batzuk jaso dugu». Ura doan eskaini beharreko zerbitzu bat gehiago dela uste dute, «komuna erabiltzeko aukera ematearen antzera». Horrez gain, Bodega Donostiarra tabernaren balioetako bat ingurumenarekin duten konpromisoa dela diote.
Baga Biga taberna ere Grosen dago, eta ura doan eskaintzeko legea egokia iruditzen zaie arduradunei: «Guk betidanik zerbitzatu dugu ura doan, legea ezarri aurretik». Erabaki horren arrazoiak ematerako orduan, ondorengoa nabarmendu dute: «Pitxerrak eskatzen dizkigute bezeroek, eta, hortaz, ez dugu inoiz arazorik izan ura doan eskaintzeko». Baga Bigak, Bodega Donostiarrak ez bezala, ez zuen udalaren kanpainan parte hartu, eta horregatik, ez dituzte udalaren pitxerrak erabiltzen. «Guk geuk erosi genituenak jartzen ditugu bezeroen eskura».
Kursaalaren parean dago Gronx taberna, hau ere Gros auzoan. Dena dela, Bodega Donostiarrarekin eta Baga Bigarekin alderatuta, bestelako ura eskaintzen du menuaren kartan. Hain zuzen ere, iragazitako ura 2,5 euroren truke zerbitzatzen dute. Jabeek azaldu dutenez, iturriko ura iragazten dute: «Hau da, desinfektatu egiten dugu bakterioengatik eta birusengatik. COVID-19arengatik ere egiten dugu». Ordainpeko eta iragazitako ura kobratu arren, bezeroek iturriko ura doan eska dezaketela adierazi dute. «Ez genuke inolako arazorik izango iturriko ura doan emateko. Hori bai, iragazi gabekoa izango litzateke. Izan ere, iragazitakoak kostu ekonomiko bat duelako».
Parte Zaharreko Erniope tabernak etxeko ura zerbitzatu ohi du, eta oraindik udalak banatzen zituen pitxer horiek erabiltzen ditu. Gainera, bezeroek erabaki dezakete zein ur mota edan nahi duten; hau da, iturrikoa ala botilakoa. «Iturriko ura nahi duenak, horixe izango du mahaian. Aldiz, botilakoa eskatzen badu, botilakoa emango diogu», azaldu dute. Onarturiko legeari dagokionez, ados daudela diote, baina gogoeta bat plazaratu nahi izan dute: «Aintzat hartu behar da guk diru truke egiten dugula lan. Hau da, ez gara bizi gauzak doan emateaz. Halere, pertsona batek ordainpeko edari bat eskatzen badu, eta beste batek baso bat ur, arazorik gabe aterako diogu».
Kontsumobide arduratuko da
Iturriko ura doan eskaintzeko legea urratzen duten tabernek eta jatetxeek zigorra jasoko dutela dio Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak. Dena dela, zigor mota ez dute zehaztu, kasu bakoitza aztertu beharko litzatekeelako: «Lehenik, erreklamazioa jaso beharko genuke eta kasu bakoitza zehazki aztertu. Une honetan ez dugu erreklamaziorik», dio Kontsumobidek. Dena den, aitortu dute legea abian jarri zenean, erreklamazio batzuk jaso zituztela. «Ekainetik aurrera egoera horiek zuzendu egin direla esan dezakegu».
Hain zuzen ere, apirilean legea onartu zenean, Kontsumobidek informazioa helarazi zien EAEko ostalaritza establezimenduei. «Euskadiko ostalariak betidanik saiatu dira hondakinak murrizten eta baliabideak berrerabiltzen. Esan bezala, gutxi dira jaso ditugun kexak eta erreklamazioak».
Indarrean dagoen legea Espainiako Gobernuak ezarri duen arren, Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak lehenagotik landuriko zerbait dela dio Kontsumobidek. «Lege honek lotura zuzena du Europar Batasunaren politikekin eta une honetan Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari diren Euskadiko Kontsumitzaileen Estatutuaren legearen aurreproiektuarekin». Aurreproiektu horrek jasotzen du taberna eta jatetxeek iturriko ura doan eskaini beharko dutela: «Elikagaiak alferrik galtzea saihesteko xedearekin, jatetxe zerbitzua ematen duten establezimenduek iturriko ura kontsumitzeko aukera eskaini behar dietela bezeroei eta inolako kostu ekonomikorik eragin gabe».
Kalitate oneko ura
Udalak 2006an sustaturiko kanpainaren beste helburuetako bat Donostiako uraren kalitate ona nabarmentzea izan zen. Donostiako ura Añarbeko urtegitik gure etxeetara iristen da, eta beraz, jatetxe eta tabernetara ere. Añarbeko ura, urtegira iritsi aurretik, Astigarragan dagoen Petritegiko Ur Edangarriaren Tratamendu Estazioraino doa: «Tratamenduaren xedea da ur gordina ur edangarri bihurtzea, indarrean dagoen osasun legedi tekniko zorrotzak finkatzen dituen kalitate-parametroak betetzeko», azaldu du Añarbeko Urak erakundeak.
Añarbeko ura mineralizazio baxukoa da; «hau da, oso ur biguna da, kaltzio-kontzentrazioa ere oso baxua da eta pH-a zertxobait azidoa, horregatik, birmineralizazio tratamendu bat egin beharra dago ur hori orekatuagoa izateko». Tratamendu hori egin ostean ura Donostiara iristen da, eta Añarbeko Urak nabarmendu duenez, «kalitatearen kontrol zorrotza» egiten dute gure etxeetara iritsi aurretik, «zerbitzu publiko hoberena emateko eta uraren gaineko legedia behar bezala betetzeko».




