Joseba Sarrionandia eta Castillo Suarez, aurtengo Poesia Orduetako protagonistak
Aurtengo Poesia Orduak egitasmoaren protagonistak Castillo Suarez eta Joseba Sarrionandia izango dira. Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak urtero antolatzen dituen poesia errezitaldiok datorren irailaren 7an eta 8an izango dira, Viktoria Eugeniako Club aretoan, 19:00etan.
Musikaz lagundutako poesia errezitalaren estreinaldia egingo du Castillo Suarezek, berak harriz hitzak eta Juantxo Zeberiok musika. Alaska izeneko bide bazterreko hotel abandonatu batean kokatutako narrazio batekin gurutzatuko dira hainbat poema eta doinu. Irailaren 7an izango da, Viktoria Eugenian.
Irailaren 8an, berriz, Joseba Sarrionandia arituko da Ines Osinaga musikari arrasatearrarekin Olatu arteko txalupa arraroa ikuskizunarekin.. Duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Kuban sortutako letrekin Gosariak proiektua sortu zuten idazlea eta Gose taldearen artean. Orain, idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta zergatia azalduko ditu Ines Osinagaren musikaz lagunduta.
Honela azaldu du Osinagak: “Testuok gure eskuetara iritsi ziren eta guk kantu egin genituen. Habanan jaio eta Euskal Herrian hazi ziren kantuok tabako, ardo eta kanelaz. Orain, urteak pasa direla, eta gauzak aldatu direla, kamarada, idazle izoztua Euskal Herrian da, eta, kantuok hartu ditugu berriro esku artean”.
Bie saioetarako gonbidapenak Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan banatuko dira emanaldien egunetan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.