Realak eta Alavesek jokatuko dute Euskal Herria Kopako finala
Txuri-urdinek 3-1 menderatu dute Athletic finalerdietan. Gizonezkoen taldeak, berriz, 0-1 irabazi dio Elxi.
Asteburu borobila izan da Realarentzat. Emakumezkoen taldeak Euskal Herria Kopako finalerdietan Athletic aise gainditu zuen (3-1), eta Alavesen kontra jokatuko dute finala. Vanegas, Jensen eta Eizagirre izan ziren golegileak. Finala datorren igandean, hilaren 4an, izango da Azkoitiako Txerloia futbol zelaian, 16:00etan.
Gizonezkoen Realak, berriz, denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen larunbatean Elxen zelaian. Txuri-urdinek 0-1 irabazi zuten Brais Mendezek 20. minutuan sartu zuen golari esker. Ligako seigarren postuan dago Reala, sei punturekin, eta Alexander Isak ordezkatuko duen aurrelariaren zain jarraitzen du. Donostiara iritsi den aurreneko ordezkoa Alexander Sorloth aurrelari norvegiarra da, eta ondo bidean laster baieztatuko du Realak haren kontratazioa. Pasa den sasoian bezala, Leipzig taldetik utzita etorriko da.
Munduko txapeldunak
Adriana Nanclares, Ana Tejada, Izarne Sarasola eta Mirari Uriak historia egin dute, gaur goizaldean jokatu den, 20 urtez azpikoen munduko txapelketako finalean, Japon 3-1 menderatu ondoren. Realeko lau jokalariak Espainiako selekzioarekin aritu dira Costa Ricako munduko txapelketan.