"Azken urtetan egin diren zuhaitz landaketak hor moztu direnak baino dezente gehiago dira"
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, Etzieta parkeko zuhaitz horiek moztea "ezinbestekoa" da Marrutxipiko lotune berria egin ahal izateko.
Intxaurrondoko zuhaitz mozketak zeresana eman du azken egunotan. GI-20 saihesbidean Marrutxipiko lotune berria egiteko, Etzieta parkeko 500 zuhaitz baino gehiago moztu dituzte. Hori dela eta, talde ekologistek, alderdi politiko batzuek eta bizilagunek eremuaren soilketa salatu dute. Galera ekologikoa eta klimatikoa dela ohartarazi dute Parkea Bizirikek eta Elkarrekin Donostiak, besteak beste. Horren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak esan du “ezinbestekoa” dela zuhaitz horiek moztea aipaturiko azpiegitura egiteko.
Marrutxipiko lotunea hiriko sarbide berri bat izango dela gaineratu du Goiak, eta Gipuzkoako Aldundia dela proiektua exekutatzen ari dena. “Proiektua publiko egin zenetik zen jakina zuhaitz mozketena. Alegaziorik ez zen jaso orduan, baina kezka orain sortu da lanekin hasi direnean”, nabarmendu du alkateak. “Ezinbestean egin beharreko lana da azpiegitura aurrera eramateko”.
Lanek bi urte inguru iraungo dutela azaldu du Goiak, eta eremua lehengoratuko dela. “Zuhaitzak berriz ere landatuko dira, eta zaraten kontrako pantailak berriz ere kokatuko dituzte”. Zuhaitz mozketek eragindako kritiken aurrean, ondorengoa adierazi du alkateak: “Datu zehatza ez dut, baina azken urtetan egin diren zuhaitz landaketak hor moztu direnak baino dezente gehiago dira. Ez dago eztabaidarik”.