Renfen doan bidaiatzeko aukera izango da irailetik aurrera

Renfe_donostia Donostiako tren geltokia, artxiboko irudi batean.

Renferen zerbitzua erabiltzen dutenek doako abonuak erabili ahal izango dituzte irailetik aurrera. Espainiako gobernuak hartu du erabakia garraio publikoa sustatzeko asmoz, eta errege dekretu bidez ezarri dute neurria. Txartelak abenduaren 31ra arte eskuratu daitezke. 

Aldiriko trenetan eta distantzia ertainekoetan aplikatuko da neurria. Aldirikoen abonua doakoa da, baina lortzeko 10 euroko bermea ordaindu beharko da. Urte amaierarako hamasei bidaia egiten badira, aurreratutako dirua itzuliko zaio erabiltzaileari. Distantzia ertaineko zerbitzuaren abonua lortzeko, aldirikoaren baldintza berak jarri ditu Renfek, baina bermea 20 eurokoa da. Hego Euskal Herriko lau hiriburuak euren artean eta Mirandarekin, Zaragozarekin eta Santanderrekin lotzen dituen lineak hartzen ditu bere gain.

Tokiko erakundeen edo autonomia erkidegoen eskumenaren pean dauden garraiobideek, aldiz, %30eko deskontuak izango dituzte. Txartelaren prezioan egongo den desberdintasun hori Espainiako gobernuak ordainduko du. Gainera, autonomia erkidegoek eta tokiko erakundeek aukera izango dute deskontua beste %20 igotzeko, baina beherapen gehigarri horren kostuak euren gain hartu beharko dituzte.

Hego Euskal Herriko garraio publikoetan ere aplikatuko dira neurri horiek. Euskotren zerbitzuak, adibidez, baldintza berak izango ditu Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban: %50eko deskontua. Mugi txartelen bidez automatikoki aplikatuko da beherapena.

 

HITZAkide HITZAkide