Garcia Ripalda oroitu dute Grosen, haren erailketaren 47. urteurrenean
Omenaldia egin diote Jesus Garcia Ripalda militante komunistaren lagun eta senideek gaur Grosen, bere erailketaren 47. urteurrenean. 1975ean abuztuaren 31n hil zuen polizia frankistak Ripalda, Aita Larroka kalean.
Euskadiko Mugimendu Komunistako (EMK) militantea zen Ripalda eta Garmendia eta Otaegiri ezarritako heriotza-zigorren aurkako manifestazioaren pankarta zeraman, 300 bat lagunek osatutako manifestazioan. Polizia batek tiro egin eta bertan hil zen gaztea.
300 bat gaztek laguntzen zioten, polizia agertu orduko desegiten ziren jauzi labur haietako batean. Brigada politiko sozialeko polizia batek tiro egin zion hasi eta segundo batzuetara, baina hilketaren lekukoek ez zuten inoiz deklaratzeko aukerarik izan.
Frankismoaren azken urteetan izan zen erailketa, eta, beste asko bezala, “terrorismoarekin” lotu zuten, eta ez zen inolako ikerketa ezta epaiketarik egin.
Haren heriotzaren 40. urteurrenean egin ziren ekitaldietan, Ferrolgo (Galizia) artxibo militarretara sarbidea izan zuten hainbat diputatul –tartean, Odon Elorzak– eta, bertan, hiltzailea Jose Fernandez Espejo polizia izan zela baieztatzen zen. Ordura arte Leston abizeneko polizia bat izan zela baieztatzen zuten lekukoek.
Donostiako Udalak 2011n Hiriko Urrezko Domina eman zion Ripaldaren sendiari, ETAren, GALen eta frankismoko biktimekin batera.