"Gure jarduna gune autogestionatuetara eramatea garrantzitsua da"
Euren kabuz argitaratzen duten artistek badute topagune bat Donostian: Guillotina festa.
Datorren larunbatean izango da Guillotina autoedizio azoka Añorgako zinema zaharrean, 11:00etatik aurrera. Maite Caballero (1984, Amara) eta Paula Estevez (1984, Intxaurrondo) antolatzaileek autoedizioaren eta autogestioaren garrantzia azpimarratu dute.
Nola sortu zen?
Paula Estevez (P.E.): Maite Caballero, Mikel Arraioz eta hiruok Bartzelona eta Berlinen bizi izan ginen, eta urte berean itzuli ginen Donostiara. Hirurak marrazkilariak gara, komikiak eta fanzineak egiten ditugu, eta kanpoan bizi ginenean horrelako autoedizio topaketa asko egiten zirela ikusten genuen.
Maite Caballero (M.C.): Valentzian Tenderete eta Bartzelonan Gutter fest egiten zituzten. Ni azken horretan egon nintzen, eta pentsatu nuen: hau Donostian egin behar dugu!
Zergatik?
M.C.: Jende asko ikusten genuen fanzineak egiten. Batzuk bistaz edo ezagutzen ginen, baina beste asko ez. Eta, aldi berean, ez zegoen –eta ez dago– fanzineak mugitzeko leku askorik hemen. Eta funtzionatu du, zeren orain ia denak ezagutzen gara.
P.E.: 2014ean izan zen lehen edizioa eta urtero egin da, azken bi urteetan ezik. Dabadaban hasi ginen eta han eman genituen lau urte eta pandemia aurretik azkena Guardetxean egin genuen.
Aurten Añorgako zinema zaharrean izango da. Zergatik?
P.E.: Donostian ia ezinezkoa da lekuak topatzea. Eta gure filosofiarekin bat egiten duten leku asko ere ez dago. Guk ez daukagu aurrekonturik, eta jartzen dugun gutxia gure poltsikotik jartzen dugu. Autoedizio topaketak dira, eta gune autogestionatuetan egitea hobetsi dugu, gure filosofiarekin bat datozelako. Dabadabak jada ez du betetzen hasieran zuen papera.
Zein da filosofia
P.E.: Zuk zeuk egin filosofia duen festibala da. Alde batetik, bakoitzak bere publikazio propioak aurkezten dituelako, bere baliabideekin egindako lanak. Inongo zentsurarik gabe egindako lanak izatea da garrantzitsua da. Eta hori da berez topaketen funtsa. Espazioak autogestionatuak izatea garrantzitsua da horregatik.
Zergatik da autoedizioa alternatiba on bat sortzaileentzat?
M.C.: Nahi duzuna egiten baimentzen dizulako, zuri iruditzen zaizun moduan. Gehien bat aldizkari eta marrazkilariak dira, eta musikan ere antzekoa da. Argitaletxeekin ateratzen duguna, askotan ezin dugu nahi dugun moduan egin.
P.E.: Filtro batetik pasatzen dira ia beti. Banaketaren gaia musikaren arloan bestelakoa da, kontzertuetan zure materiala mugitu dezakezulako. Baina mundu grafikoan ez dago horrelakorik. Zure komiki edo fanzinea kaleratzen duzu eta zortea baduzu pare bat liburu denda topatu ditzakezu, baina salmenta ez dago zure esku.
Zein artista mota topatuko ditugu larunbatean?
M.C.: Denetarik. Orokorrean Donostiako eta Euskal Herriko artistak izango dira, baina badatoz, edo behintzat etorri izan dira, Kantabriatik eta Kataluniatik, besteak beste. Grafiti fanzine batzuk, musika zigilu txikiak –Azkar zintak edo Petruska records–, arte liburuen argitaletxe bereziak –Belleza Infinta Bilbotik–, komikiak –Aia–, marrazki eta pinturez osatutako fanzineak, argazkiak…
Bestela lortu ezin diren gauzak izango al dira?
P.E.: Bai. Ez dagoelako kasik beste lekurik. Bilbon agian badago arteari lotutako gauza gehiago, baina Donostian ia ezer.
M.C.: Edo zuk lortzen duzu internet bidez saltzea, edo jada ez dago apenas tokirik.
Donostian zer falta da sormena sustatzeko?
M.C.: Dena!
P.E.: Dagoen gutxia geroz eta txikiagoa da; ez dago ia ezer. Adibidez, arte galeriarik ez dago ia. Lokalak garestiak baldin badira, ezin da horrelako proiektu txikirik egin ezer egin.
M.C.: Donostian dena Tabakaleratik pasatzen da. Dena super instituzionalizatua dago, zerbait egin nahi baduzu, beraiek hartu nahi dute. Inguruan egon diren gauza txiki guztiak jaten dituzte. Horregatik da beharrezkoa gune autogestionatuetan egitea gure jarduna.
Azoka 11:00etatik 20:00etara izango da. 30 bat postu egongo dira eta tartean bi tailer: haurrentzat kasete autoedizio tailerra eta gazteentzat fanzine autoedizio tailerra. Vinos buena onda ardo ekologikoek freskatuko dituzte zintzurrak, eta bazkaltzeko aukera begano eta begetarianoa egongo dira Añorgako gaztetxean. 20:00etan Hegazkin (Zumarraga, Synth-pop) eta Pogrom (Lasarte, Synth-Postpunk) taldeen kontzertuak izango dira.