1813 edo gerra espektakulu bihurtzea
Nola oroitu behar da gerra bat? Nola oroitzen da sarraski bat? Hollywoodeko film belikoetara zaletutakoak pozik leudeke atzokoarekin. 1813ko sarraskia oroitzeko, sarraskiaren aurreko soldaduen antzerkiak hartu baitu Parte Zaharra ia hiru orduz.
Eskopeta eta kanoiekin gezurrezko tiroak botatzen badituzte ere, zarata benetakoa da. Eta, a ze zarata! Bizilagun ugari kexatu zaizkie soldaduei. Hauek, uniformeak ematen duen txutearekin, harro erantzun diete popatik hartzera bidaliz.
Kontua ez da errepresentazioa egin ala ez. Kontua da, besteak beste, kontatzen dena ez dela egia, ez dela historikoa eta ez dela memoria. Haiek euren buruetan egindako pelikula –beliko– bat da. Adibide bat jartzearren: Donostia babestu zutenak nekazariak, igeltseroak eta arrantzaleak izan zirela baieztatzen dute historialariek, baina atzo soldaduak besterik ez zeuden tiroak jo eta jo.
Izan ere, soldadutxoetara jolastu nahi duen elkarte batek egiten badu errepresentazioa, ez da herritarrengan jartzen begia. Ez da ehunka emakume bortxatuen historia kontatzen. Ez da kontatzen erreketaren ostean sortutako gaixotasunek 2.000 lagunetik gora hil zituztela. Ez da kontatzen herria berriz eraiki zenean, jauntxoek erosi zutela, eta herritar gehienak ez zirela inoiz itzuli beren etxeetara. Ez da kontatzen Donostiako herritarren kontrako genozidio bat izan zenik. Zine belikoan bezala, jeneral eta galoien eta heroien eta uniformeen afera bat besterik ez da.
Memoriarik gabe ez gara ezer. Eta, agian, memoriaren lanketa egin da jada beste leku batzuetan, eta bertaratu diren herritarrek bazuten gertatutakoaren irakurketa kritiko bat. Bada, orduan, biolentzia bera espektakulu bihurtzea da ulertzeko zaila egiten dena. Ez dakit non dagoen grazia gizonak gerretara jolasten ikustean. Errealitateak erakusten duenean, hain zuzen, gizonen artekoak direla herrien kontra, eta munduaren kontra egiten diren sarraski okerrenen ardurak.
Foucaultek egindako Clauswitzen bariazio famatua dator gogora orain: “Politika gerraren jarraipena da, beste bitarteko batzuekin”.