"Gure lana egiten badugu, beraiek baino hobeak gara"
Iazkoa errepikatu du Donostia Arraun Lagunakek. Emakumezkoen Kontxako sailkatze estropadako denborarik onena egin dute erlojupekoan. Orio, Tolosaldea, Hibaika, Cabo, Hondarribia eta Chapela izan dira beste sei sailkatuak. Donostiarrarekin batera ariko dira datozen bi igandetan.
Lorea Etxabe Donostia Arraun Lagunakeko arraunlaria elkarrizketatu du IRUTXULOKO HITZAk, estropadaren ondoren. Ligan Orioren atzetik geratu ondoren, arantza moduko bat atera dute gaurkoan. “Gure lana egiten badugu, beraiek baino hobeak gara”, adierazi du Etxabek Oriori erreferentzia eginez. Iaz sailkatze estropada irabazita, bi igandetan onenak izan ziren. Aurten ere gauza bera lortu nahi dute euren helburua Kontxa irabaztea delako.