30 urte Kasilda gabe: bukatzen ez den sua
Erresistentzia antifaxista eta mundu berria bihotzean. Honela bizi izan zen Donostiak XX. mendean eman zuen militante anarkista ezagunena. Umiltasunez eta konpromisoz, Kasilda Hernaezek bizitza osoa eman zuen faxismoaren kontra eta anarkismoaren alde borrokan.
Donostia ez da inoiz izan hiri anarkista bat, baina Donostiak bildu zituen 1930eko hamarkadan Euskal Herriko anarkista ezagunenak: Manuel Chiapuso, Felix Likiniano eta, noski, Kasilda Hernaez Vargas. Haiek izan ziren, besteak beste, frankismoaren kontrako erresistentzia gidatu, eta Donostiako Komuna antolatu zutenak.
1914ko apirilaren 9an jaio zen Zizurkilgo Fraisoro umezurztegian Kasilda. Ama ezkongabea, eta berak bakarrik hezi zituen bost anai-arreba. Gazte hasi zen Juvetudes Libertarias erakundean militatzen, familia aldetik baitzetorkion autoritatearen kontrako ikuspegia: ijitu jatorriko amona eta elizaren kontrako ideiak puri-purian zeuden etxean. Halaxe kontatu zuen Kasildak berak Luis M. Jimenez de Aberasturiren Casilda, miliciana liburuan (Txertoa, 2009). Kontatzen denez, Zurriolako hondartzan nudismoa egiten zuten lehen emakumeak izan ziren Kasilda eta bere lagunak.
Atxiloaldiak
Feminismoaren lanean aritu zen mugimendu anarkistan eta CNTn eta garaiko emakumeen grebetan parte hartu zuen aktiboki Kasildak: Columbia disko fabrika, Regal etxe ingelesa, La Palma bizarra egiteko tresnen fabrika, zapata dendak eta abar.
Lehen aldiz, Indianoene kaleko kortxo fabrikako “grebatxo” batean atxilotu zuten Kasilda, beste emakume batzuekin batera, kortxo multzo batzuei su eman ostean. Gauzak zer diren; urteetara, kortxo fabrika hura Kortxoenea gaztetxean bilakatu zen.
Bigarren atxiloaldia “larriagoa” izan zela aitortu zuen: “Greba iraultzaile bat izan zen, horrela, ‘i’ handi batekin”. 1934ko urriko greba iraultzailea, hain zuzen. Asturiasen soilik lortu zuen garaipena, baina Euskal Herrian ere izan zuen oihartzuna. Egiako Tabakalera ondoan zegoen Ibarreta fundizioan zegoen sozialisten kamioi batek pistolak banatzen zizkion bertaratzen zen jendeari, eta CNTkoak pozik, armak zituztelako. Kasildak, bere saskian ezkutatuta, lehergailuak banatzen zituen barrikadetan zeuden iraultzaileen artean, eta honela atxilotu zuten.
Guadalupeko fuertera eraman zuten, eta gerra epaitegi batek 29 urteko kondena ezarri zion. Kasildak kontatzen zuenez, Donostiak izugarrizko babesa eskaini zion “saskiaren emakumea ri”: “Grosen batez ere mundu guztia zegoen gurekin. Mundu guztia!”. Madrilera trenez eraman zutenean, Donostiatik pasatzean Tabakalerako langile guztiak Kasildari animo oihuak ematera joan zirela gogoratzen du.
Faxismoaren kontra
1936ko otsailean aske utzi zuten, Espainiako II. Errepublikak egindako Amnistiaren legeari esker. Eta segituan itzuli zen CNTra eta gazte libertarioen erakundera. Buru-belarri ari ziren aktibitate politikoan, faxistek estatu kolpea eman zutenean.
Eta indar gutxi zuten arren, Donostiako anarkistei esker faxismoari aurre egin zitzaion, eta bi hilabetez antolatu zen Donostiako Komuna: “Baliabide gutxi genituen guk, baina bihotza denerako prest”.
Irailean Aiako Harrira joan ziren hainbat miliziano eta gerrillari, erresistentzia antolatzera. Hondarribian eta Irunen borrokan aritu ostean, Bartzelonara joan ziren, eta ostean Aragoira beti ere anarkistekin borrokan. “Harrituta” geratu ziren hara iristean: “Dena zen gorria eta beltza”.
Porrota eta erbestea
Iraultza gogotik egiten saiatu arren, jakina da, Katalunia eta Aragoik ere ezin izan ziotela faxismoari eutsi, eta Kasildak Frantziara egin zuen ihes, bere bizitza osorako kide eta maitale izango zen Felix Likinianorekin batera, eta, nazien aurka borrokatu ostean, Ipar Euskal Herrira joan ziren bizitzera.
Bikote anarkistak ez zion inoiz beren ideien alde borrokatzeari utzi, eta frankismoari aurre egiten zioten ETAko gazteei laguntza eskaini zieten hainbatetan. Likiniano bera izan zen ETAren logoa egin zuena.
Euren bizitzako azken urteak lasaiak izan ziren, ikuspegi politikotik behintzat. 1992ko abuztuaren 31n hil zen Kasilda, eta Miarritzeko hilerrian lurperatu zuten. Begoña Gorospe lagunaren ekimenez, inskripzio hau jarri zuten bere hilarrian: “Andra! Zu zera bukatzen ez den sua!”
Faxismoaren kontra borrokatu zuten gainontzeko anarkisten moduan, Kasildak ez du erakundeen aldetik inolako errekonozimendurik, behin baino gehiagotan eskatu den arren. Baina, Egian, Kasildaren auzoan, ez dute ahaztu oraindik miliziano anarkistaren adorea: “Kasildak baino potro gehiago dituzu” entzun daiteke, duintasunaren memoria bizirik mantendu nahi dutenen ahotik.