Badian ospatuko dute mendeurrena
Kontxako Bandera jokatu eta hilabete inguru beranduago beteko ditu 100 urte Ur Kirolak itsas kirol elkarteak. 1922ko urriaren 13an sortu zuten kluba, eta urteen joan-etorrian nabarmen hazi, eraldatu eta egokitu da. Urteurrenarekin hasteko, jatorrira itzuliko dira.
Ur Kirolak arraun elkartea mendeurrena ospatzeko prest dago. Klubaren historia jasotzen duen liburu bat argitaratzearekin batera, bazkari erraldoi bat, zaldi lasterketa bat eta beste egingo dituzte. Aldiz, ekitaldi esanguratsuena urriaren 26tik 30era egingo duten Europako Itsas Arrauneko estropada izango da. Izan ere, Ur Kirolak Kontxako badian hasi zen iolarekin, eta 100 urteren ondoren jatorrira itzultzea erabaki dute.
Mendeurrenaren harira, Ur Kirolakeko hainbat belaunalditako lau pertsonarekin elkartu da Irutxuloko Hitza: Ricardo Unzueta Mujika (Antigua, 1947) presidentea eta arraunlari ohia, Ana Hosteins Unzueta (Egia, 1968) eta Garikoitz Azkue Laso (Aiete, 1973) arraunlari ohiak, eta Ekaitz Otegi (Gros, 2003) arraunlaria. Lauek dute lotura berezia klubarekin.
1990eko hamarkadan presidentea izan zen Unzueta, eta 2006an utzi ostean, 2010an hartu zuen berriz ere kargua: «Denetarik egitea egokitu zait. Pentsa, 26 bat urte daramatzat presidente gisa». Erabaki garrantzitsuak hartu behar izan ditu. Esaterako, Loiolako egoitza 1998an eraitsi behar izan zutenean, bera arduratu zen egoitza berriaren prozesua aurrera eramateaz –egungoa 2000. urtean ireki zuten–. «Klubak izan dituen lokalen historia ere kontatu beharrekoa da. Urdaneta kaleko 5. zenbakian izan zuen lehenengoa. Iolarekin eta aulki finkoarekin hasi ginen, eta soto propioa izan genuen kaian, Gurutze Gorria dagoen lekuan. San Juanen ere lokal bat izan genuen, eta aurreneko zortzikoa han sortu zen. Galipoterosen izandako lokala ere ezin aipatu gabe utzi, Koipe zegoen lekuan. Azkenik, Loiolara etorri ginen, eta egoitza berregin behar izan genuen arren, hemen jarraitzen dugu».
Ur Kirolaken historia jasoko duen liburuaren aurrekari gisa, 100 urteotako lorpen eta pasarte esanguratsuen argazkiak zabaldu dituzte sare sozialetan. Horietako batzuk hautatu ditu hedabide honek ibilbidearen erakusgarri. Unzuetak, batez ere, 1960. urtean lorturikoa nabarmendu du. Ur Kirolaken zortzikoak Espainiko txapelketa irabazi zuen, eta Erromako Olinpiar Jokoetan Espainiako selekzioa ordezkatzeko hautatu zuten. «Klubaren historian lorpen handienetakoa da». Horrez gain, nabarmendu du Felix Erdozia arraunlari eta presidente izandakoari klubak asko zor diola.
Horrez gain, anekdota bat kontatu du presidenteak: «36ko gerraren ondoren, gure koloreak arazo bat ziren. Gure idazkariari deitu zioten Gobernu Zibiletik, eta ideia harrigarri bat izan zuen. Gorria ababorrean, berdea istriborrean eta zuria topea zela adierazi zien. Horrela mantendu genituen gure koloreak».
Orain, buru-belarri dabil Europako Itsas Arrauneko estropadaren antolaketarekin. «Garrantzitsua da klubaren 100 urteak Kontxako badian ospatzea, han hasi ginelako iolarekin arraunean».
Bizitzaren parte garrantzitsua
Ur Kirolaketik pasa diren arraunlariak asko dira, eta horietako askok bizitzaren parte sentitzen dute kluba. Unzuetak ez ezik, baita ere Hosteinsek, Azkuek eta Otegik. «Nire bizitzaren zati garrantzitsuenetakoa da Ur Kirolak. Pentsa, senarra hemen ezagutu nuen, eta nire kuadrilla ere hemen osatu nuen. Egia esan, kuadrilla asko atera dira klubetik», azaldu du Hosteinsek.
«Niretzako, dena da. 12 urterekin hasi nintzen Peli Almandoz bizilagunari esker. Hark sartu ninduen arraunean. Almandoz Erromako Olinpiar Jokoetan izan zen Ur Kirolakekin. Egoitza zaharrean bizitzen aritu nintzen, etxezain gisara. Eta, hemen ezkondu nintzen», dio Azkuek.
«Konturatu gabe arraunak harrapatzen zaitu, eta entrenamenduak ugaritu arren, burua Ur Kirolaken duzu. Lagunak ere hemen ditut. Gaztea naizen arren, konturatu naiz hau dela gustuko dudana», gaineratu du Otegik.
1980ko hamarkadaren erdialdean sartu ziren Ur Kirolaken Hosteins eta Azkue. «Anaiari laguntzera etorri nintzen, eta, 1985ean, probatzea erabaki nuen. Urte hartan zortzi bat neska izango ginen. Bost urte eman nituen klubean, eta hainbat domina lortu nituen aulki mugikorrean», adierazi du Hosteinsek. «1975ean hasi ziren lehen emakumeak Ur Kirolaken, eta, pixkanaka, gero eta neska gehiago etorri ziren klubera. Bestalde, guk arraun egin genuen garaia oso matxista izan zen. Emakumeok etengabe erakutsi behar genuelako balio genuela. Orain baino askoz gehiago», azaldu du.
Garai berean hasi zen Azkue arraunean Ur Kirolakekin: «1984-1985eko denboraldian sartu nintzen. 2003. urtera arte aritu nintzen aulki mugikorrean eta finkoan. Denbora bat pasatuta, beste bost urte egin nituen klubean. Azken Kontxa 39 urterekin egin nuen, eta, orotara, sei partaidetza ditudala uste dut. Dena dela, niretzat garrantzitsuena izan zen 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartzea». Arraunlaria ez ezik, entrenatzailea ere izan zen 2003. urte seinalatuan. «Urte hartan Federazio Liga irabazi genuen, zazpi bandera eskuratuta. Orduan, TKE Liga sortzea erabaki zuten, baina presidenteak [Unzuetak] ligan sartzeko ordaindu beharreko dirua ez jartzea erabaki zuen. Diru gehiegi zen, egia esan».
Hosteins eta Azkue baino dezente gazteagoa da Otegi, baina dagoeneko zazpi urte daramatza Ur Kirolaken: «Haurra nintzela etorri nintzen, lagun baten aita arraunlaria zelako. Futbolean balio ez nuelako hasi nintzen arraunean. Garikoitzek aipatu duen Peli Almandozen izena duen ontzi batekin irabazi nuen nire lehen domina. Bestalde, urrezko domina bat daukat Espainiako itsas arraun txapelketan». Aulki mugikorretik trainerura egin du jauzia aurten, Donostiarra B-rekin aritu delako KAE 2 ligan. «Aurten egin dut debuta eta KAE 1 ligara igotzea lortu dugu. Gainera, lehen bandera pasa den asteburuan irabazi genuen».
Donostiarraren garrantzia
Ur Kirolakek 1982an uretaratu zuen trainerua, eta urte hartan bertan parte hartu zuen estreinakoz Kontxako Banderan. Dena dela, klubak nabarmentzen duen moduan, 1955eko Donostia traineruak Ur Kirolakeko arraunlariak zituen. Emaitzarik onena 1983ko Kontxan lortu zuten. Bigarren tokian sailkatu ziren Orioren atzetik, polemikoa izan zen estropada baten ondoren. Aldiz, 2007an Donostiarra traineru bateratuarekin bat egin, eta gizonezkoen trainerua osatu zuten. Hamar urte beranduago, 2017an, eratu zuten emakumezkoen Donostiarra trainerua. Bi ontzietan aritzen dira Ur Kirolakeko arraunlariak.
Unzuetak Donostiarra garrantzitsua dela dio: «Udalean sortu zen erronka gisa, eta hasieratik bat egitea erabaki genuen. Halere, ez gara Donostiarraren haztegi bat. Hori argi uztea gustatzen zait. Donostiarraren parte gara, eta garrantzitsua da guretzat. Aulki mugikorretik finkorako ezinbesteko tresna da».
Gaur egun, Donostiarra B-ko arraunlari gehienak Ur Kirolakekoak dira, eta lehen taldean lau arraunlari daude. Emakumezkoen Donostiarrako arraunlari asko ere Ur Kirolakekoak dira.
Kontxari begira daude
Donostiarrak Kontxako estropadetan lor dezakeenari begira daude Ur Kirolaken. Historiako lehen bandera «inoiz baino gertuago» dagoela uste dute laurek. Gizonezkoen taldeak eskura dezakeela iruditzen zaie. «Eusko Label ligan Donostiako bandera irabazi zuten, beraz, hau izan daiteke urte erabakigarria. Itsasoan baldintzak oso aldakorrak dira, eta aukera horiek baliatu beharko ditu Donostiarrak», adierazi du Otegik.
Kontxan «edozer» gertatu daitekeela dio Unzuetak: «Donostiarra onenekin ibiliko dela uste dut. Txandek, kaleek eta itsasoak eragin dezakete. 12:00etan haizea aldatu ohi da. Bandera asko horrelako gauzengatik erabaki dira. Errealistak izan behar dugu, beste traineru batzuk indartsuago dabiltzalako. Horrela ere, itxaropena dut».
Ligako eta Kontxako araudia desberdina izateari erreparatu dio Azkuek. Izan ere, traineruak osatzeko kuporik ez da bete behar Kontxako Banderan. «Baldintzak beste batzuk dira, eta horrek zailtzen du Donostiarrak bandera astintzeko aukera. Araudia mesedegarria da traineru indartsuentzat. Esaterako, Hondarribiarentzat eta Urdaibairentzat. Donostiarra bi horiekin aritu da lehian ligan, eta hor egongo dela uste dut».
Gizonezkoetan Donostiarra Hondarribiaren pare ikusten du Hosteinsek: «Posible dela iruditzen zait. Urdaibaik aurrera egin du azken estropadetan, baina banderaren lehian izango dela uste dut. Ikusteko polita izango da, eta arraunean aritzeko zaila».
Emakumezkoetan, berriz, Orio hautagai nagusia dela dio: «Beste taldeekin alderatuta maila bat gorago aritu dira denboraldi honetan. Halere, Donostiarra onenekin lehiatzen saiatuko da, seguru».