Lurraren bihotza, odolaren jarioa
Fire of love
Zuzendaria: Sara Dosa.
Urtea: 2022.
Herrialdea: AEB.
Sumendiak naturak daukan ikuspegi basatienaren erakusgarri dira. Suntsipena eta heriotza eragiten duten elementu erraldoi hauenganako hausnarketa liluratik eta miresmenetik egitea ez da ohikoa, baina, Fire of Love-n, Katia eta Maurice Krafft bikote bulkanologoaren bizitzaren inguruko dokumentalean, hala gertatzen da. Sumendiei nortasuna atxikitzen zaie, bere pultsio kiskaliak kontrolagarri bezala aurkeztuko zaizkigu, nolabait uler daitezkeen basapiztiak bailiran. Betiere, bikote honek daukan sentsibilitatetik begiratuz gero.
1966 eta 1991 bitarteko gertakariak kontatzen dira filmean eta, horretarako, artxiboko irudiak erabitzen dira, ia erabatean. Bikotearen gaztetako argazkiak, telebistatik harturiko elkarrizketak eta batez ere, sumendietan grabaturiko bideoak. Artxiboaren erabilera abila egiten da, eta, hala, laster ohartuko gara hari kronologikoa ez dela izango baliatuko den ardatza. Filmak etengabe erabiliko du irudiak izozteko joera, ondoren era bortitzean denboran aurrera edo atzera egiteko. Hala, kronologiaren loturak askeak diren heinean, diskurtsoa tematikoki antolatzeko aukerak zabaltzen dira. Aztertuko dira sumendien osagaien araberako sailkatzea, bikoteak erupzioetan in situ egon ahal izateko erabiltzen duen metodologia, telebistako dibulgatzaile esanguratsu bilakatu zirenekoa edo sumendiek hainbat herritan eragindako heriotzekin izandako lotura. Materiala askotarikoa eta ugaria da, baina pasarteetako bakoitza, oro har, era berdintsuan bukatzen da: hitzak tarteko egon gabe ezartzen diren sumendien gertuko irudi hipnotikoekin, denbora luzez pantailan mantenduko direnak: mendi gailurretik bortizki ateratzen den laba gorri distiratsua; maldan behera, modu frenetikoan biraka, erortzen den harri erraldoia edo mantso mugitzen den laba ibai gorri eta beltza, tankerako beste ibai batekin tupust egitean harmonikoki masa bateratua eratuz. Era honetako irudien indarra oso handia da, bere edertasunean murgil liteke ikuslea, kasik irudikatzen duen horren erreferentzia askatuz eta irudiaren abstrakzioan galduz. «Lurraren bihotza eta bere odolaren jarioa» direla esanez deskribatuko dira. Batzuetan gertatzen da gizona edo emakumea azaltzen direla ezustean, gori-gori dagoen su euri baten erdian, esaterako, eta abstrazio horren ilusioa bideratu egiten zaigula.
Hainbat pasarte ere badira irudien inguruko hausnarketa interesgarriak bideratzen dituztenak. Azaltzen zaigu, esaterako, nola bi pertsonaiek sumendien ingurua irudiz betikotzeko beharra sentitzen zuten, baina bakoitzak bere sentsibilitatearen bitartez: Katiak argazkiak egiten zituen eta Mauricek, aldiz, bideoak. Zein era sinplean adierazten zaizkigun denboraren bi tratamendu desberdinduak, momentuaren izoztea edo bere jarioa. Dokumentalean, jakina, Mauriceren bideoak erabiliko dira gehienbat, eta bada une bat, geologoak honakoa adierazten duena: «Ni ez naiz zinemagilea, zientzialaria baizik». Baina, une horretan azalduko zaizkigu hainbat pasarte, Mauricek grabatutakoak, erabaki estetikoak eta dramatikoak bere baitan dituztenak, nolabait naturaren behatzaile honen egile filmikoaren zantzuak balira bezala. Filmaren bizkarrezurra Mauriceren irudiak diren heinean… Sara Dosa zuzendariak Fire of Love-ren egiletza bere protagonistekin bateratu nahi ote du? Gehiegi esatea da akaso, filmaren esentzia irudion disposizioan baitago, baina filmak ‘norenak’ diren horren hausnarketa interesgarria plazaratzen zaigu.
Azken ohar bat: Filma aurkeztu izan da istorio erromantikotzat; munduan barrena, sumendiz sumendi, ibili diren bi maiteminduren odiseatzat. Esan beharra dago, edonola, kutsu erromantikoko eszenarik ez dela, eta elkarrekiko pasioaren zantzurik ez dela azalduko irudiotan. Edo bai. Akaso ikusten ez dugun hori maila intimoan gelditzen da, eta sumendiekiko maitasuna elkarrekin bizitako abentura erromantikoaren parabolatzat uler liteke.


