Autoedizioa autogestioa da
Espero zena pasa da: larunbatean, egun osoan zehar, Añorgako zinema zaharra fanzinez, ilustrazioz eta musikaz bete da. Eta jendez. Artistak euren lana saltzen, eta zaleak, artistak agurtzera, eta lan berriak ezagutzera.
Goizeko 11:00etatik aurrea, 20:00ak arte jendetza ibili zen aurrera eta atzera, eta sortzaileak pozik, euren lanak saldu eta egiten dutenari buruz xehetasunak emateko prest. Hitz egiteko gogoz batzuk, entzuteko gogoz besteak, tertulia erraldoia zirudien guillotina festak. Zaila zen kartera eustea. Ilustrazioak eta ilustrazioz betetako fanzineak, liburu txikiak, kasete eta biniloak, serigrafiatutako kamisetak, argazki liburuak… denetarik topatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.
Autogestioan oinarritutako proiektuak izanik, autogestioan oinarritutako jaialdia da antolatu dutena. Eta giroan nabari da. Hemen ez dagoelako diru-laguntzen menpe eta diru-laguntzentzat egindako lanik, ez eta artistarik. Tirada txikiak eta zainduak, normalean, esperimentazioa oinarri.
Donostiako proiektu ugarik izan dute bertan lekua, Azkar zintak eta Tarde y Mal grafiti eta fanzineak, esaterako, baina Euskal Herri osotik etorri da jendea euren lanak erakustera.
Antolatzaileak eta artistak pozik egunak emandakoarekin, eta, zapore onarekin bukatzeko, Hegazkin eta Pogrom taldeen kontzertuek bete dute Añorgako Gaztetxea. Bai, ez da betetzeko zaila, baina beteta zegoen, eta giroan eskertu zen, musika elektroniko eta autogestionatuaren eredu diren taldeek Guillotinarekin bat egiten dutelako. Eta erakusten delako, kultura dela komunitatea eraikitzeko biderik aproposena. Eta dibertigarriena. Eta ez dela markarik behar horretarako.