Aieteko kultur etxeak jaietan bertso saioa antolatzeko dirua jarri ez izana salatu du Lantxabek
Aieteko jaiek aldaketa nabarmenak izan dituzte aurten, bereziki hurrengo asteburuko egitarauan. Besteak beste, aurten ez dituzte ohiko bertso saioa eta kantujira antolatu, auzoko kultur etxearekin izandako arazoengatik, Lantxabe auzo elkarteko Felix Perezek salatu duenez: “Kultur etxeak argudiatu du bertsolarientzako aurrekonturik ez duela –beti bi ziren, eta bietako bat Andoni Egaña zen ia beti–. Jarrera hori ez dagokio euskara, kultura eta jai herrikoiak babestu behar dituen erakunde bati. Utzikeria hori auzo periferiko batean bakarrik egin daiteke, beste gauza askorekin gertatzen den moduan”. Hedabide honek Aieteko jaiei buruzko erreportajea argitaratu zuen joan den astean, eta, besteak beste, horri buruz hitz egin zuen bertan Arantxa Lakadenak, Aieteko euskara batzordeko kideak.
Horrez gain, beste hainbat aldaketa egin behar izan dituzte aurten. Esaterako, Easo Abesbatzaren kontzertua Muntoko sagarrondoen plazan egingo dute, auzoko parrokoak aurten ez duelako elizan egiteko baimenik eman, Perezen arabera. Era berean, danborrada antolatzeko zailtasunak izan dituztela gaineratu du, Joselontxos txarangaren ordutegien aldaketengatik; baina, azkenean, antolatzea lortu dute, “auzoarentzat oso garrantzitsua” delako. Danborrada dela eta, ordea, Festara! jaialdia lekualdatu behar izan dute. Horrez gain, aurten auzoko haurtxokoak eta gaztelekuak jaietan parte hartzerik izan dutela azaldu du Perezek.
Bestalde, Lantxabekoak nabarmendu du Pedro Lazkano omenduko dutela IV. Manuel Matxain Bolo Lehiaketan: “Pedro da Aieteko bolatokiaren sortzailea. Udalak onartu zuen proiektua egin zuen, berak zaindu zuen bolatokia, eta berak antolatu zituen bolo lehiaketak, 2015etik, inaugurazio egunetik”. Horrez gain, Donostiako Udaleko Txistulari Taldearen diana izango dutela kontatu du Perezek, eta auzo osoa zeharkatuko duela.