Bildarraitzek Intxaurrondo Hegoa ikastetxean eman dio hasiera ikasturteari
Jokin Bildarraitz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Donostiako Intxaurrondo Hegoa ikastetxean izan da ostegunean, 2022-2023ko ikasturteari hasiera emateko. Harekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea, Amaia Urzelai Hezkuntzako lurralde-ordezkaria eta Nekane Arzallus Donostiako lehen alkateordea izan dira han.
Hezkuntza sailak nabarmendu duenez, Intxaurrondo Hegoak 115 ikasle inguru ditu ikasturte honetan (2 eta 12 urte bitartekoak), eta “ikastetxe eleaniztuna izatea du hezkuntza proiektuaren ezaugarri nagusia, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz irakasten baitu”. Berritasun gisa, euskara-ingelesa murgiltze goiztiarreko eredu berritzailea 2 eta 3 urteko geletan ere ezartzen hasiko da aurten. Gainera, proiektuetan oinarritutako metodologiaren aldeko apustua egiten du, haurren ezagutza eta interesetatik abiatuta, ikasleak ikaskuntza prozesuan parte aktibo izan daitezen; horretarako adin desberdinetako ikasleek elkarrekin jarduten dute lanean. Horrez gain, eskola baratzea ere lantzen dute ikasleek.
Ikasturteko datuak
Ikastetxean bisita egin ostean, Bildarraitzek hasi berri den ikasturtearen inguruko nondik norakoak azaldu ditu; besteak beste, nabarmendu du 361.031 hasi dela ikasturtea Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, unibertsitarioak aintzat hartu gabe. Hau da, ikasle kopurua %0,90 jaitsi da pasa den ikasturtearekin alderatuta. “Jaiotza tasak behera egin izanaren ondorioz, ikasle kopuruak behera egiten jarraitzen du, beherengo etapetan bereziki. Haur Hezkuntzan, %1,21eko beherakada izan da 0-2 urteko etapan, eta %5,51koa 3-5 urtekoen artean, aurreko ikasturtearekin alderatuta. Lehen Hezkuntzan, %1,98 gutxiago izango dira aurten. DBH-n eta Batxilergoan, aldiz, zifra nagusiek igoerak dituzte”, azaldu du Hezkuntza sailak.
Ikastetxe sare publikora eta itundura doazen ikasleen ehunekoak, aldiz azken urteotakoen parekoak dira: %51,1a sare publikoko zentroetara doaz eta %48,9a itunduetara. Hizkuntza ereduei dagokienez ere, azken urteotako joera mantendu da, Hezkuntza sailak azaldu duenez: “D eredua da gehien eskatzen dena ikasleen guztizkoaren artean, eta gora egiten du Haur Hezkuntzan: 3-5 urteko adin-tartean, eredu hori da gehien eskatzen dena eta 0,5 puntu egin du gora iaztik. Aipaturiko adin tartean, ikasleen %82,4 daude D ereduan; B ereduan %15,1; eta A ereduan, berriz, %2,4”. Era berean, %2,27 igo da Lanbide Heziketan matrikulatu diren ikasleen kopurua, baina oraindik gehiago igo daiteke, matrikulazioa irekita egongo delako ekainaren erdialdera arte.
Euskal Hezkuntza Lege berriari dagokionez, Bildarratzek adierazi du Hezkuntza Saila testu artikulatu bat lantzen ari dela, joan den apirilean Legebiltzarrean lortutako akordioaren edukia eta espirituari eusten diena. Lege proiektua datozen hilabeteetan Gobernu Kontseiluan onartu eta Legebiltzarrera bidaltzeko aurreikuspena egin du Hezkuntza Sailak.