Oraindik ez dituzte adjudikatu Pasealeku Berriko mendi magala egonkortzeko lanak
Eraikuntzarako materialen eta energiaren garestitzeak hiriko hainbat obra atzeratu ditu azken hilabeteotan. Donostiako Udalak iragarri duenez, beste bi proiektu lizitatu gabe geratu dira. Horietako bat da Pasealeku Berriko mendi magala egonkortzeko obra. Udalak irailean aurreikusi zuen lanekin hastea, baina obra adjudikatzeko lehiaketara ez da inor aurkeztu.
Uztailean onartu zuten Pasealeku Berriko proiektua premiaz lizitatzeko kontratua. 542.000 euroko aurrekontua ezarri zuten, baina ezin izan dute adjudikatu aipaturiko arrazoiengatik. Horiek horrela, lizitazio prezioa igotzea aurreikusten du udalak.
Lizitatu gabe geratu den beste kontratua Bera Berako horma batena da; honek ere egonkortzeko premia du. Andoain kalearen parean dago, eta 7 metroko altuera du. Horma nahiko kaltetua dago, eta udalak berritzeko proiektua onartu zuen 316.693 euroko aurrekontuarekin. Kasu honetan ere, lizitazio prezioa igo beharko dute.