Porrontxo jaiek 40 urte
Datorren astean ospatuko dituzte Porrontxo jaiak Egian, eta aurtengoak bereziak izango dira; ez soilik pandemiaren osteko lehenengoak izango direlako, baita 40 urte beteko dituztelako ere. Urteurrenaren bueltan, gaur egun jai batzordean dauden hiru kide elkartu ditu IRUTXULOKO HITZAk, hiru belaunalditakoak, beraien oroitzapenen, esperientzien eta sentipenen bidez Porrontxoen historia eta ibilbidea errepasatzeko, baina baita jaiak Egiakoentzat zer diren ezagutzeko ere. Joxean Loza (Egia, 1969), Miren Tardaguila (Egia, 1990) eta Naroa Moreno (Egia, 2003) dira batzordekide horiek.
Loza da hiruetan beteranoena; ez soilik adinari dagokionez, baita jai batzordean daraman denborari dagokionez ere: “30 bat urte daramatzat. Erabaki nuen auzoko zerbaitetan inplikatu behar nintzela, eta jai batzordean sartu nintzen”. Tardaguilak ere esperientzia du jai batzordean, 2017an sartu baitzen, Rinoplastia Operazioa egitasmoaren harira: “Erabaki zen jai batzorde finko bat egongo zela eta beste bat txandakakoa. Azken horretan, boluntario aurkeztu daitezke kuadrilletako kideak, edo zozketa bidez hautatuak izan. Funtzionamendu hori ezarri zen urtean, boluntario gisa sartu ginen, gainetik kentzeko. Eta, orain arte”. Aldiz, Morenoren lehenengo urtea da batzordean: “Aspalditik, kuadrillako batzuek hitz egiten genuen batzordean sartzeko, baina beti aurrera begira. Aurten, lehenengo bilera deialdia egin zutenean, esan genuen, ‘ba, goazen’. Ez genuen ezer egiteko asmorik, pixka bat bilera ikustera joan ginen, ea zer giro zegoen. Azkenean, erabat sartuta bukatu dugu”.
1982an sortu zituzten Porrontxoak, santurik edo patroirik izan gabe, Egiakoei “sudur puntan jarri zitzaielako”; hala esan izan da betidanik auzoan. Ondoren, 1990eko hamarkadan, jaien puntu gorena iritsi zen, 50 bat kuadrilla eta 1.000 kuadrillakidetik gora baitzeuden Porrontxoetan sartuta. Gerora, Sin Totxa mugimenduaren urte gogorrak iritsi ziren, Rinoplastia Operazioaren eraberritzea eta beste hainbat mugarri. Ibilbide hori guztia errepasatu du hedabide honek Lozarekin, Tardaguilarekin eta Morenorekin, baita hirurek kontatutako bitxikeriak tartekatu ere.
Atzera begira ez ezik, aurrera begira ere jarri dira batzordekideak, eta argi utzi dute Egiak luzarorako izango dituela Porrontxoak: “Egiakoak garenak oso Egiakoak gara, eta Porrontxo jaien egunetan asko gozatzen dugu, festa giroan betikoekin elkartzen garelako; hori ematen dute Porrontxoek”.
Luze zabalean landu dugu Porrontxoen historia, eta erreportaje osoa bihar, hilaren 9an, irakurri ahal izango da paperezko astekarian zein webgune honetan.