Amaran, mende batez baino gehiagoz
Easo kaleko 49. zenbakian dagoen Goldarazena estankoak 110 urte bete ditu aurten. Ez da beti leku berean egon, baina negozio honek auzoan oso errotuta egoteko zortea izan du. Gaur egun, Iosu Duo da bertako jabea, familiako laugarren belaunaldia.
1912ko irailaren 3an zabaldu zuen Francisca Goldarazenak bere abizena daraman estankoa, Amara auzoan. Aurreko astean 110 urte bete zituen negozioak. Azkar esaten da. Garai onak eta okerragoak pasatu ditu, baina auzoko bizitzan oso errotuta dago Goldarazena, eta horrela lortu du mende batez baino gehiagoz aurrera jarraitzea.
Gaur egun, Iosu Duo da dendaren jabea, Francisca Goldarazenaren birbiloba, hain zuzen ere. Estankoaren gidaritza daraman familiako laugarren belaunaldia da Duo. “Pandemiaren ostean hartu nuen negozioa. Ingeniaria naiz izatez, baina pandemiarekin utzi egin behar izan nuen lehengo lana. Estankoan hasi nintzen etxean laguntzeko, eta handik aurrera jarraitzen dut hemen lanean”, adierazi du Duok.
110 urte hauetan ez da beti leku berean egon Goldarazena. Hasieran, Amara kalean zegoen. “Gero, Easo kaleko 57. zenbakira lekualdatu zen, eta duela 90 urte inguru, Easo kaleko 49. zenbakira mugitu zuten. Bertan dago estakoa gaur egun”, zehaztu du jabeak. Azken boladan, berrikuntza handi bat ere egin dute negozioan: “Alboko dendaren jabeak 2019an erretiroa hartu zuenez, lokal hori erosi genuen estankoa handitzeko”.
Auzoan errotutako negozioa
Auzoan ederki integratuta egon izan da Goldarazena beti. Horrekin lotuta, anekdota bat ere gogoratu du jabeak: “Nire aitak egin zuen Amarako jaietako logoaren diseinua. Bera beti bizi izan da auzoan, 55. atarian, eta beti laguntzen zion bere amari, Maria Josefa Goldarazenari, estankoan. Gero, berak hartu zuen negozioa, eta jende guztiak ezagutzen du. Azken finean, auzoko estankoa da”.
Batez ere, “tokiko merkataritza babesteko” deia egiteko baliatu nahi izan dute 110. urteurrena, “ahalegin handia” egin behar izan baitute aurrera egiteko. “Balorean jarri behar dira denda txikiak”, adierazi du.