"Aurrez pentsatuta hil zuten Ripalda"
Frankismoak eragindako ehunka biktimen artean dago Groseko Jesus Mari Garcia Ripalda (Gros, 1952-1975), militante komunista. Manifestazio batean erail zuen poliziak, eta, ohikoa zen eran, inor ez dute zigortu. Bere laguna zen Jesus Diez Urraca (Gros, 1952), eta abuztuaren 31ko manifestazio hartan parte hartu zuen. Hunkituta oroitzen du oraindik hilketaren unea.
Ripaldaren laguna zinen, zer harreman zenuten?
Txikitatik ezagutzen genuen elkar, urte berekoak baikinen biok. Arroketatik ibiltzen ginen, jolasean, beti ondo pasatzeko gogoz. Garaiko mutiko arruntak ginen, gure familietan ez zen politikaz hitz egiten eta gu ere oso despolitizatuta geunden. 21 edo 22 urterekin hasi ginen ohartzen bizi genuen egoeraz, eta mugimendu komunistan hasi ginen militatzen. Auzoetako komiteetan hasi zen lanean Jesus Mari, Amara auzoan, Grosekoa zen arren. 23 urte zituela hil zuten.
Nola gogoratzen dituzu egun haiek?
Egun oso bereziak ziren, politikoki eta sozialki. Hiru epaiketa zeuden, hiruetan heriotza zigorrak eskatzen zituzten: Txikirena, Otaegirena eta Garmendiarena, beste batzuekin batera. Gizartea oso aztoratuta zegoen, eta, egoeraren larritasunagatik, manifestazio bateratu batera deitu zuten mugitzen ziren erakunde guztiek. Mugitzen zirenak diot, bazeudelako mugitzen ez zirenak, PSOE eta EAJ adibidez. Gainontzeko guztiok deitu genuen manifestaziora.
Nolakoa izan zen manifestazioa?
Trueba zinematik ateratzen zen, eta, hasi aurretik, tentsio handia nabaritzen zen jada. Jende asko gindoazen, taldetxo txikietan, eta ikusten genuen jendetza egongo zela, eta, beraz, polizia ere egongo zela. Manifestazioa atera zen Mirakruz kalean zehar. Ni atzealdean nengoen, eta ez nuen oso ondo ikusten zer ari zen gertatzen, baina Aita Larrokako kantoira heldu zenean manifestazio burua, polizia zegoela entzun genuen. Denda baten ondoan zeuden. Eta jarraian tiro hots bat entzun genuen.
Zer gertatu zen orduan?
Korrika irten ginen; Mirakruzetik batzuk, besteak auskalo. Ordu batzuetara jakin nuen. Nire lagun Jose Mari izan zela zauritu zutena. Oso gogorra izan zen. Zaurituta zegoela, autoan hartu zuen hemendik zebilen auzokide batek, eta ospitale militarrera eramatera behartu zuten poliziek egungo epaitegiak direnak, eta han hil zen. Gerora jakin genuen ez zutela behar bezala zaindu.
Euskadiko Mugimendu Komunistako kidea zen Ripalda, ezta?
Movimiento Comunista deitzen zen orduan. Garai hartan nahi beste erakunde politiko zegoen, gehienak ezkerrekoak: abertzaleak edo komunistak. Gure artean adostasunetara iristea oso zaila izaten zen, baina momentuaren larritasuna zela eta, akordioetara iristea lortu genuen, ezberdintasunetatik harago.
Nolakoa zen mugimendu komunista garai hartan?
Urte gogorrak izan ziren, frankismoaren azken urteak zirelako. Antolakunde guztietara jende mordoa sartzen zen, eta denak ziren oso aktiboak. Bilerak, ekintzak, manifestazioak, kalean egurra… Garai haietan militatzen ez bazenuen ere, errepresioa pairatzeko arrisku handia zenuen, manifestazio guztiak zirelako klandestinoak, ahoz aho zabaltzen ziren.
Ripaldak pankarta zeraman, ezta?
Bai, EMK-rena, uste dut. Ez naiz oroitzen, manifestazio buruan nor zegoen, baina berak makilekin eusten ziren horietako bat zeraman. Eta, esan bezala, kale izkina honetara heltzerakoan egin zioten tiro. Bertatik bertara egin zioten tiro; nire ustez, aurretik pentsatutako hilketa izan zen.
Zergatik?
Zigor eredugarri bat eman nahi zuten, eta manifestazio hori aukeratu zuten horretarako. Bera izan zitekeen, edo beste bat, edo ni neu. Baina aurrez pentsatutakoa zen, zeren inongo momentuan ez zitzaien poliziei erasorik egin. Beraiek izan ziren zuzenean joan zirenak.
Nolakoak izan ziren hurrengo egunak?
Familiak hileta antolatu zuen San Inazio elizan, Grosen. Jendetza izugarria batu zen. Eta hor ere polizia etorri zen, garai haietan sortzen zen zalapartarekin: kotxeekin egindako barrikadak auzo osoan zehar, kargak eta abar.
Hiltzailea identifikatu zuten.
Bai, polizietako bat ezagutu zuten manifestazioko kide batzuek, gimnasiako irakaslea zelako Marianistaken; Leston abizenez ezagutzen genuen. Odon Elorzak, Espainiako Kongresuko diputatu izateak ematen zion onurari esker, txosten batzuetara izan zuen sarbidea. Bertan esaten zen ez zela Leston izan, beste bat izan zela [Jose Fernandez Espejo zen txostenean aipatzen zen polizia]. Nik beti argi utzi izan nahi dut Leston izan zela, lekukoek hala ziotelako. Irakurri nuenean, haserretu egin nintzen, uste dudalako Lestonek zuen kargua baliatu zuela beste bati botatzeko errua.
Ez du, ordea, inoiz inolako ondoriorik izan.
Garai haietan gertatzen zen moduan, afera judizialki landu zen, baina epaile militar baten eskutik; frankista, noski. Egin beharreko tramitea izan zen, eta epaile militarrak deliturik ez zegoela ebatzi zuen, defentsan ari zirela argudiatuta.
Nolakoa izan da egindako memoriaren lanketa?
1975etik aurrera oroitu nahi izan dugu zer gertatu zen hemen. Kantoi honetan plakak jartzen genituen, baina berehala puskatzen zituzten. Hainbat urtez plastifikatutako papertxo bat jartzen genuen, errazagoa zelakoan. 40. urteurrenean auzoa mobilizatzen saiatu ginen, eta omenaldi handiago bat egin genuen. Udaleko zinegotziek bat egin zuten ere, alderdi guztietakoek, esango nuke.
Egia esan, uste dut ‘asumitzeko’ erraza den hildako bat dela Jesus Mari. Ez zen terrorista deitzen zaien erakundeetakoa, manifestazio baketsu batean izan zen… Baina, bestelako hildako batzuek ez dute errekonozimendu bera izan: Joseba Barandiaranen kasua edo Iñaki Kijerarena ez dut uste berdin tratatuak izan direnik, garaia eta egoera antzekoak izan arren.