Estandarretatik aldenduta
El radioaficionado
Zuzendaria: Iker Elorrieta.
Urtea: 2021.
Herrialdea: Euskal Herria.
Ez da inola ere erraza mundua ulertzeko kode propioak dituen pertsonaia bat narrazioaren erdigunean jartzea. Autismoaren inguruan eremu mainstream-ean egin den pelikula ezagunena erreferentzia bezala hartuta, Rain Man (Barry Levinson, 1988), autismoa duen pertsonaia, Dustin Hoffmanena, ez da narrazioaren erdigunea, berez bere anaiaren odisea da pelikularen motore eta ardatz. Kasu honetan, edonola, Niko, espektro autista duen gizon gaztea, izango da Iker Elorrieta zuzendari bizkaitarraren lehen lan honen protagonista. Eta forma soil eta klasikoen atzean, hainbat oztopo gainditzearen erronka hartuko du filmak bere gain, hiru sailetan sailka litezkeenak:
Lehenik eta behin, pertsonaia beraren konposizioa: Elorrietak erabateko fedez Falco Cabo aktorearen eraikuntzan oinarritzen duena. Bere begirada (itxuraz) galduak, bere hizkera asinkopatuak, edo urrats laburren bitartezko desplazamenduak marraztuko dute pertsonaia, eta ukatu egingo dira kutsu didaktikoa izan lezaketen azalpen medikoak, ikuslearen bidaia orri izango liratekeenak, baina pertsonaiaren nortasuna sinplifikatuko luketenak.
Filmak bere gain hartzen duen bigarren erabaki deigarria gidoian bertan dago, kontatuko zaizkigun gertaeretan eta, batez ere, kontatuko ez zaizkigunetan. Nikoren irrika batek jarriko du abian pelikula, zendu berri den amaren errautsak Kantauri itsasoko puntu zehatz batean bota beharrak. Ezer gutxi azalduko zaigu iraganaz, eta bere nahi honen zergatiaz. Eta inguruko pertsonaiak ere, batez ere, bere bidean aurkituko duen Ane neska gaztea, misterio kutsu esanguratsuz zipriztinduko dira. Arazoak eta barne zauriak iradokiko bazaizkigu ere, ez dira zehaztuko, eta honek pertsonaiak eremu lainotsuan ezarriko ditu.
Eta hirugarren erronka eremua, akaso interesgarriena, sail formalean legoke. Itxuraz, kontatze molde sinpleak helarazten bazaizkigu ere, deseroso sentituko gara Nikok dituen hartu-emanetan. Kamera aurpegitik gertu dauka etengabe, eta sekuentzien planifikazioan planoak falta balira bezala sentituko gara, gertuko planoaren eta orokorraren artean piezen hutsuneak baleude bezala. Eszenaratze eta muntaia molde hauek koherenteak dira sentsibilitate ezberdinez jokatzen duen pertsonaiaren mundua eta erlazionatzeko dituen zailtasunak formalki marrazteko, nahiz eta honek ordainsari bisualak ere badituen: Getxoko portua eta bere ingurua desitxuratu egiten dira identifikagarri ez izateraino, eta kasik paisaia abstraktu bilakatzeraino, non iluntasunak edo uraren zarata bereizgarriak presentzia nabarmena hartuko duten.
Autoinposatutako zailtasun hauek gainditu egingo dira zenbaitetan; beste batzuetan, filmaren zama izango dira. Zorionez, Niko eta Aneren arteko erlazioaren iparrorratza izango dugu narrazioaren haria mantentzen. Momenturen batean kutsu melodramatiko gehiegizkoa erabiliko bada ere, bien arteko antzekotasun eta desberdintasunen tratamendua ondo landuta dago, adibide gisa Nikok soinua lausotzeko erabiltzen dituen kaskoen eta Anek konpultsiboki buruan jartzen duen txanoaren arteko zubi esanguratsu eta ederra.
Honen guztiaren emaitza ausardiaz eraikitako pelikula da, feel-good-movie estandarraren parametroetatik aldentzen dena. Hala, ez da egoera baten bisibilizazio hutsalean gelditzen, eta autismoaren elementu hauek errelatoa dramatikoki janzteko baliatzen dira.


