"Kontxako Bandera berriz astintzea ederra izango litzateke"
Donostia Arraun Lagunakek iazkoa errepikatu nahi du, baina horretarako Oriori bi segundo luze baino gehiago atera beharko dizkio igandean, Kontxako bigarren jardunaldian (11:00). Itziar Eguren presidenteak konfiantza osoa du bere arraunlariengan.
Bi segundo luze. Ez da errenta erabakigarria, baina bada desabantaila iganderako.
Aukeran, nahiago genuke gure aldekoa balitz errenta hori. Asko den ala ez, ezin da ziurtatu. Kontxa ehunenekoengatik irabazi daiteke. Hori horrela izanik, 2.16 segundoko tartea asko izan daiteke. Halere, egun ona izan dugunean, Oriori lau eta hamar segundo atera dizkiogu. Beraz, Kontxako Bandera ez dago erabakita, baina 2.16 segundoko desabantailarekin aterako gara igandean.
Sailkatze estropada irabazita, lehen jardunaldian hobeto aritzea espero zenuten?
Estropada ona egin genuen, akaso ziaboga behar baino irekiagoa hartu eta denbora pixka bat galdu genuen. Kalea ere erabakigarria izan zen. Iaz lehen kalea izan zen txarrena bigarren jardunaldian. Aurten, kale bera ona zen lehen jardunaldirako. Guri hirugarrenetik aritzea egokitu zitzaigun. Hori zozketak erabakitzen du. Dena dela, traineruaren kalitatearen araberakoa da kalea hobea edo txarragoa izatea. Olatuak ere, badatoz eta badoaz. Oriok aprobetxatu zituen, batez ere, uharte parean, eta aurrera egin zuten. Beraiek olatua hartu zuten eta guk ez. Ni pozik nago neskek egindako lanarekin, eta gehiago egiteko gai direla ere badakit.
Oriorekin txanda berean aritzeak zenbatean eragin zizuen?
Beste urduritasun puntu bat ematen dizu. Orio beste txandan aritu izan balitz, urduritasun hori ez genuen berdin nabarituko. Kaleen zozketaren berri izatean, neskei esan nien lehia horrelakoa zela eta hasieratik borrokatu beharko zutela. Gure kartekin jokatzeko esan nien, beldurrak kenduta. Azken batean, arerioari begietara begiratu behar zaio, eta onenak irabaz dezala. Badakit Juan Mari Etxabe entrenatzaileak ez zuela Orio txanda berean tokatzea nahi. Berak nahiago zuen bakoitza bere aldetik aritzea, eta bigarren igandean elkartzea, ohorezko txandan. Nik, berriz, nahiago nuen batera hasi eta bukatzea.
Kale zozketa, itsasoa bare… Dena kontra izan zenuten?
Dena kontra, ez. Dena alde, ezta ere. Egin genuen estropada ona izan zen, irabazi ez arren. Tarte handia dago besteekiko. Bi oilarrak hor gaude, eta 2.16 segundoko errenta dago bien artean. Estropada ona izan zen, baina faktore guztiak ondo josi behar dituzu, dena ondo egiteko. Igandean ikusi zen bi talde indartsu daudela buruan, eta besteak koska bat beherago.
Orio, Donostiarra eta Hondarribia izango dituzue parez pare ohorezko txandan. Esperotako laukotea?
Tolosaldearen eta Hondarribiaren artekoa zen zalantza. Biak txanda berean aritu ziren, eta Tolosaldea estropadaren buruan izan zen. Halere, Hondarribia ETE liga irabaztetik dator, eta beste sasoi puntu batekin aritu ziren; indartsu eta sinetsita. Donostiarrak osatzen du laukotea, eta argi dago txanda lehiatua izango dela.
Zer behar duzue bi segundoko desabantaila hori iraultzeko?
Iazko indarrarekin ateratzea. Iaz dena genuen alde, eta aurten berdin aritu arren, ez dugu lortzen. Entrenamendu bikainak egiten ari dira, baina horrela ez dira txapelketak irabazten. Liga bukatu zenetik, taldean beste jarrera bat ikusi dut, eta iazko indarra berreskuratzeko gaitasuna dute. Sasoi honetan, gutxitan erakutsi dugu iazko maila bera. Adibidez, Euskadiko txapelketan. Distira hori behar dugu Kontxa irabazteko.
Zer moduz daude arraunlariak?
Ongi daude. Jakin badakite taldea iazkoa baino sendoagoa dela, baina ez direla gauzak lortzen ari. Ikasten ari dira, nahiz eta dena aldekoa izan, gauzak ondo egiten ez badituzu, ehunenekoengatik galdu dezakezula. Gutxigatik Kontxak ihes egin dezakeela, 2.16 segundo horiengatik.
Ligari dagokionez, Orio aurretik izan duzue. Sasoi honetan zuek baino indartsuago dabiltza?
Estropadetan, bai. Liga ikusita, zoriondu behar ditugu. Hobeak izan dira, eta gu baino hobeto dabiltza. Haiek entrenatzaile berri bat daukate, diskurtso berri bat, eta iazko sasoia minduta bukatu zuten, ez zutelako ezer irabazi. Min horrek laguntzen du guztiaren bila joateko, eta lortzen ari dira. Hori da, azken batean, kirola. Guk ez dugu liga on bat egin, eta horrela ere bigarren bukatu dugu. Badirudi ez duela balio bigarren geratzeak. Horri ere garrantzia eman behar diogu. Irabazten ez baduzu, galtzen duzula dirudi, baina ez da horrela. 2018an, bigarren geratu ginenean, sekulakoa izan zen. Aldiz, aurten bigarren geratuta badirudi gaizki ibili garela.
Donostia Arraun Lagunakek dakiena egiten badaki irabazten duela diote Juan Mari Etxabe entrenatzaileak eta arraunlariek. Orduan, zer falta izan da?
Jakingo banu, beti ondo ibiliko lirateke. Klubaren zuzendaritzatik ezin dugu hori konpondu. Arraunlariek esaten didate nahi eta ezin dabiltzala. Etxabe saiatzen ari da diskurtsoen bidez arraunlariak motibatzen. Aurten, txapeldunaren presioa nabari dugu. Esan ohi den moduan, iristea errazagoa da mantentzea baino. Iaz horrenbeste irabazteak deserosotasuna sortu zuen hainbat lekutan. Guk txaloak eta sariak jasotzea ez zen denen gustukoa izan. Iaz dena irabazi arren, komunikabide batzuetan presentzia txikia izan dugu, eta horrek arraunlariei ere eragiten die. Psikologikoki txikiago sentitzen dira. Pasa den urteko indarra pixka bat galdu dute, nahiz eta sasoiz iaz baino indartsuago ibili. Lehorrean ere beste estropada garrantzitsu batzuk jokatu behar dira, eta horietan ere gure aurretik dabiltzala sentitzen dugu.
Liga galdu arren, Kontxa irabazteak kitatuko luke pena hori?
Kontxa irabazita, denboraldia salbatu izan dute beste klub batzuek. Klubak, entrenatzaileak eta arraunlariek eman duten aurrerapausoa serioa izan da, eta merezi dugu gutxienez zerbait irabaztea. Kontxako Bandera berriz astintzea ederra izango litzateke. Nolanahi ere, bigarren bukatzen badugu, horrek irakurketa positiboago bat behar duela berresten dut. Bat hobea izan arren, beste asko geratu dira atzetik. Lorturikoak ere balio du.