"Saltsa nahi dugu datorren iganderako"
Donostiarraren bi traineruak ohorezko txandan ariko dira datorren igandean. Neskak laugarren sailkatu ziren, eta mutilak hirugarren. Segundoak gora behera, Kontxako Bandera irabaztea dute helburu. Horren bila doazela dio Alberto Lopez Donostiarrako presidenteak.
Zazpi segundoko desabantaila. Asko dirudi, baina posible da buelta ematea?
Igor Makazaga entrenatzaileak beti dio lehenengoarengandik hamar segundo baino gutxiagora zaudenean, banderagatik borrokan ari zarela. Edozein estropadatan, hamar baino gutxiagora bazaude, borrokan egon zara. Kontxan, lau luze izan beharrean, bi dira, eta hori erabakigarria da. Itsasoaren, kaleen eta abarren araberakoa ere bada. Posible da, bai. Urdaibaik du egoerarik onena. Nahiago nuke zazpi segundoko abantaila guk izango bagenu. Baina, Hondarribiak eta guk aukerak ditugu. Urdaibaik hori ere badaki.
Lehendabiziko luze ikusgarriaren ondoren, Urdaibai gainera etorri zitzaizuen bigarren luzean. Gainera, aurretik jarri eta horrela iritsi ziren helmugara. Nola uler daiteke gertaturikoa?
Egindako lehen luze hori nabarmendu behar dugu. Urdaibai alboko kalean izatea Kontxan, eta luze oso bat beraien aurretik izatea eta horri eustea garrantzitsua da. Gainera, ziabogarik onena egin, eta beraiei lau segundo atera izana gozamena da. Estropada ikusten ari ginen donostiar guztiak gozatzen ari ginen. Arraunlariak zoriondu nahi ditut egindako lanarengatik.
Ziaboga eman ostean, bi gauza gertatu ziren. Batetik, Urdaibaiko patroiak lehen kalean itxita utzi gintuen, eta uste dut hori zela beraien asmoa. Bestetik, hiru bat minutuz, itsasoko epaileen txalupa gure popan jarri zen, oso itsatsita, eta horrek zaildu egin zuen istriborretik etor zitezkeen olatuak aprobetxatzeko aukera. Urdaibaik azkarrago jokatu zuen, lau segundo berreskuratu zituzten eta beste lau sartu. Gero, istriborrera joan ziren, baita gu ere, eta epaileek alde egitean, estropadaren bukaerara bitarte lehian aritu ginen.
Gure ustez, kaltetuak izan ginen, baina ez da aitzakia. Zaleei azaldu beharreko zerbait da, traineruak ez zuelako txakalaldirik izan. Ez ginen gai izan egoera ondo kudeatzeko, eta Urdaibai hobea izan zen.
Ziabogako denborarik onena egin zenuten. Estropada han bukatu izan balitz…
Bai, horrela da. Donostiarra gara eta badakigu duela urte batzuk nola geunden, eta nola gauden orain. Liga osoan zehar erakutsi dugu hor gaudela, liderrak izan gara jardunaldi askotan, hiru bandera irabazi ditugu, bigarren izan gara zenbait estropadatan… Donostiarraren denboraldirik onena izaten ari da. Ea nola amaitzen den. Kontxan, berriz, Donostiarra estropadaren buruan ikustearen emozioa ikaragarria izan zen. Igandean dena emango duen traineru on bat dugu.
Urdaibai txanda berean izateak mesede edo kalte egin dizue?
Igor Makazagak eta Joserra Mendizabalek beti esaten didate lehen jardunaldian aurreneko txandan arraun egin behar dela, eta, bigarrenenean, bigarren txandan. Zozketan ikusi genuenean bigarren txanda egokitu zitzaigula, ez genuen aurpegi onik jarri. Baina, Urdaibai gure txandan zegoela ikusi genuenean, ondo iruditu zitzaigun. Onenekin arraun egin nahi dugu. Onenen ondoan eta baldintza beretan. Garrantzitsua da ohorezko txandan aritzea.
Neskei dagokienez, ohorezko txandan arituko dira. Hori zen helburua?
Rufo Urtizberea entrenatzailearen helburua, iritsi nintzenetik, talde berri bat sortzea zen, aldaketa askoren ondoren. Etorkizuneko traineru bat sortzen joatea. Baina, etorkizuna oso azkar doa. Rufok taldea sortu zuen, eta funtzionatzen ari da. Kontxara etorri ginen Zarauzko bigarren jardunaldikoa errepikatzera, bigarren izan ginenean. Badakigu oso zaila dela, Orio eta Donostia Arraun Lagunak oso indartsuak direlako. Ohorezko txandan sartzea lortu zuten, beraz, helburua bete zuten. Hondarribiaren parean gaude, oso estropada ona egin zutelako. Orain, daukagun laugarren postua hobetzea gustatuko litzaiguke.
Orio eta Donostia Arraun Lagunak maila bat gorago daude. Bi traineruekiko aldea hain handia izatea espero zenuen?
Alde hori egotea gustatzen zaigu, helburu bat delako. Gure asmoa alde hori murriztea da. Bigarren igandean saiatuko gara, posible delako.
Donostiarra ohorezko bi txandetan izango den lehen aldia da?
Bai. Eta, gainera, historikoa da. Bada beste klub bat bere bi traineruak ohorezko txandan dituena: Hondarribia. Oriok ere izan ditu biak. Horiek horrela, Hondarribiaren eta Orioren maila berean sentitzen gara, lorpen horri dagokionez.
Zer komeni zaizue iganderako?
Saltsa nahi dugu datorren iganderako. Kirol alorrean, ikuskizunean, giroan… Saltsa da nahi duguna. Horrek eraman zaitzake banderatik hogei segundora geratzera, edo irabaztera. Saltsak duen arriskua jakinda, hori nahi dugu. Bale edo kale. Itsasoa zertxobait haserretzea gustatuko litzaidake.
Itsaso zakarrak mesede egingo lizueke?
Bai, noski. Saltsak atzetik datorrenari mesede egiten dio. Donostiarrari ez ezik, baita Hondarribiari ere. Beraz, eguraldia petraltzea gustatuko litzaiguke.
Igandean Kontxako Banderetako bat astintzea espero duzu?
Gure ametsa bandera lortzea da, eta donostiarrek gurekin ospatzea. Batez ere, 60 urtetik gorako gizonek eta emakumeek. Beraientzat sekulakoa izango litzateke. Pentsa, TKE ligako lehen bandera irabazi genuenean, Grosetik nindoala 70 urte inguruko hiru gizonek gelditu ninduten. Zoriondu beharrean, eskerrak eman zizkidaten Donostiarrarekin gozatzen ari zirelako. Belaunaldi horrek gozatzeak poztuko ninduke.