"Psikologikoki irabazle sentitzen gara"
Ez da posible izan, ahalegindu diren arren. Donostia Arraun Lagunakek ezin izan du Orio gainditu Kontxako Banderan. Pasa den igandean atzetik sailkatu ziren, eta gaur baita ere. Halere, bi estropadetan ikusitakoa desberdina izan da. Oriok biak irabazi arren, gaurko lehia estuagoa izan da. Bi segundo eta erdira geratu da Donostia Arraun Lagunak iazkoa errepikatzetik.
Taldeak bukaerara arte borrokatu duela dio Xubane Uribarrena arraunlariak: “Atzetik aurrerako estropada egin dugu. Sei segundo atzetik izan gara, eta bukaeran hortxe ibili gara biak. Pentsatzen zuten hilda geundela, baina ez da horrela izan”. Orokorrean, “sekulako” estropada egin dutela uste du Uribarrenak. “Kontxa bikain bat egin dugu, psikologikoki irabazle sentitzen gara”.