Krisi ekonomikoari aurre egiteko Donostiarako neurriak proposatu ditu EH Bilduk: "Gehien duenak gehiago ordaintzeko"
EH Bilduk gaur egindako agerraldian, krisi ekonomikoaren aurrean neurri zehatzak proposatzearen beharraz hitz egin du, “errenta gutxien duten pertsonen bizi-kalitatea bermatzeko”. Maila instituzional guztietan egin behar dela eta, Donostiako Udalean hainbat neurri hartzea proposatu du udal tasa eta zergei lotuta.
Krisi energetikoa eta larrialdi klimatikoari dagokionean, EH Bilduk proposatu du OHZren hobaria %10etik % 50era handitzea, eguzkitik edo beste energia iturri berriztagarriren batetik datorren energiaren aprobetxamendurako sistemak instalatuta dituzten etxebizitzetarako.
Tasetan “progesibitatea” ezartzea eskatzen du EH Bilduk “gehien duenak gehiago ordaintzeko”. Errentaren araberako fiskalitatea txertatzea proposatzen dute: “Ez dugu bidezkotzat jotzen egoera ekonomiko antagonikoetan dauden donostiarrei ahalegin berdinak eskatzea eta laguntza berdinak eskaintzea. Lehenik, Covid-19aren pandemiarengatik, eta, orain, krisi energetikoak eraginda, gizarteak zailtasun ekonomikoak pairatuko dituela aurreikusten ari garen honetan, uste dugu Udalak ahalegina egin behar duela behar handiena duten familia donostiarrei laguntzeko”.
Ahalik eta eremu gehienetan aldaketak egiteko eskatuz, auzoetako merkataritza txikia eta ostalaritza bultzatzeko neurriak proposatu dituzte, baita hondakinen kudeaketan eta etxebizitza hutsei dagokien errekarguan, besteak beste.