Leizaola lehendakariaren brontzezko eskultura inauguratu dute
Groseko Euskadi plazan jarri dute, "bakea sinbolizatzen duen" olibondo baten ondoan. Udalak ekitaldi berezia egin du plazan bertan.
Gaurtik aurrera, gune publikoan ikus daiteke Jesus Maria Leizaola lehendakariaren brontzezko eskultura. Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari lagapen bidez eman zion eskultura, Foru Jauregian hainbat urtez izan ondoren. Aurrerantzean, Gros auzoko Euskadi plazan egongo da. “Santa Katalina zubiari begira eta bakea sinbolizatzen duen olibondo baten ondoan”, adierazi du udalak.
Inaugurazio ekitaldian Leizaolaren familiako kide ugarik eta Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek parte hartu dute. Hala nola, Eneko Goia alkateak, Markel Olano diputatu nagusiak eta Josu Erkoreka lehendakariordeak. Gipuzkoako ezpatadantza batekin eman diote hasiera ekitaldiari, eta ondoren hitza hartu dute Goiak, Olanok eta familiaren izenean aritu den Xabier Bindel Leizaola bilobak. Azken honek, diskurtso luze eta eskertua eskaini du. Leizaolaren legatua nabarmendu eta eskultura Euskadi plazan kokatzeari garrantzia berezia eman dio.
Goiak aitortu du Leizaola erreferente bat dela berarentzat, eta ondorengoa gaineratu du: “Ezin ditugu ahaztu Jesus Maria Leizaola eta, bera bezala, demokrazia eta askatasunaren alde bere bizitza eman zutenen lana. Haiek izan ziren bakean sinesten zutenen itxaropena eta helduleku. Etorkizunean sinesten zutenen ikur. Geuri, hemen gauden guztioi, dagokigu haiek hasitako bidean jarraitzea. Gu gara amaitu gabeko lanean jardun behar dugunak. Geuri dagokigu bakearen, askatasunaren eta adiskidetzaren bidean aurrera egitea”.
Leizaolaren ibilbidea
Jesus Maria Leizaola 1896ko irailaren 7an jaio zen Donostian. Pertsona garrantzitsua izan zen, bai Errepublikaren garaian, Espainiako Gorteetan legebiltzarkide izan zenean Gipuzkoatik EAJ-PNV ordezkatuz, bai erbestean eman zituen urteetan. 1936tik 1946ra bitartean, Jose Antonio Agirre buru zuen Euzko Jaurlaritzako Justizia eta Kultura sailburua izan zen, eta, ondoren, 1946 eta 1952 bitartean, Ogasun eta Justizia Saila kudeatu zuen. 1952an lehendakariorde kargua hartu zuen eta, 1960an, Agirre hil zenean, lehendakari izateko ardura hartu zuen. 1979ko abenduan itzuli zen erbestetik, Carlos Garaikoetxeari kargua uzteko. 1980ko hauteskundeetan legebiltzarkide hautatu zuten eta bederatzi urte geroago hil zen, 92 urte zituela.
Eskulturaren xehetasunak
Eskultura Xebas Larrañaga artistaren lana da, eta 90.000 euroko balioa du. Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen 2007an eta, ordutik, Foru Jauregiko Ohorezko Patioan egon da, lehendakariaren eskultura kalean –defendatu eta ordezkatu zuen herriarekin bat eginda– kokatzeko helburua beti presente egon bada ere. Jesus Maria Leizaola irudikatzen duen brontzezko irudia da eskultura, gorputz osokoa, traje eta gabardina jantzita eta ezkerreko eskuan kapela duela ageri da. Guztia material bereko oinarri karratu baten gainean dago.