Sadiqek denboraldi osoa galduko du
Realak jakinarazi duenez, Sadiq Umar aurrelariak eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi du. Atzo, Getaferen kontrako partidan eskuin belauna bihurritu zuen, eta min hartuta erretiratu zen lehen zatiko 35. minutuan. Gaur goizean egin diote erresonantzia magnetikoa, eta aurreikuspenik okerrenak bete dira. Ebakuntza egin beharko diote, eta osatzeko sei edo zortzi hilabete beharko ditu. Beraz, denboraldi osoa galduko du Sadiqek.
Almeriari 20 milioi euro finko ordaindu ostean, aurrelari nigeriarra iraila hasieran etorri zen Donostiara. Hiru partida ofizial jokatu ditu Realarekin, eta hirugarrenean gertatu da ezbeharra. Erabakigarria izan zen Atletico Madrilen kontra, berdinketaren gola egin zuela. Manchester Uniteden Europa Ligako estreinako neurketan ere parte hartu zuen. Aldiz, Getaferen aurka atzo jokaturikoa izango da azkena denboraldi luze baterako.
Sadiqen hutsunea betetzeko aukera du Realak, baina horren inguruan ez dute ezer aurreratu. Epe luzeko lesioa izanik, beste aurrelari bat ekar dezakete txuri-urdinek. Une honetan, Karrikaburu eta Sorloth dira Imanol Alguacil entrenatzaileak eskura dituen puntako aurrelariak. Halere, beste batzuek ere rol hori bete dezakete. Realak hiru txapelketa lehiatu behar dituela aintzat hartuta –liga, Europa Liga eta kopa–, litekeena da ordezkoren bat fitxatzea.
Lotailuen madarikazioa
Azken bederatzi urteotan, zortzi lotailu haustura pilatu ditu Realak. Beste bi jokalari ere izandako lotailu haustura gainditzeko bidean dira: Mikel Oiarzabal kapitaina eta Carlos Fernandez. Harrobiko beste bi jokalarik ere lotailua puskatu zuten: Martin Merquelanzek eta Alex Solak.