Frankismoaren biktimak omentzeko lore eskaintza egin dute
Gaur, hilak 13, Donostiako Oroimen Historikoaren Eguna da. Urtero egin ohi duten moduan, Donostiako Udalak frankismoaren biktimak omendu ditu Ijentea kaleko Dual eskulturaren parean. Hain zuzen ere, biktimak oroitzeko lore eskaintza egin dute txistularien doinuek lagunduta. Donostiako alkate Eneko Goiak, udalbatzako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartu dute gaur eguerdian egindako ekitaldian.
“Gaurko egunez, 1936an, Donostiak askatasuna galdu zuen, biztanleriaren erdiak alde egin behar izan zuen”, adierazi du Goiak. Hain zuzen ere, 1936ko irailaren 13an, tropa frankistek Donostia hartu zuten. Hirian “ikaragarri sufritu zuten jendea” dagoela gaineratu du alkateak: “Heriotzarekin batzuek, eta horien izenak ditugu monumentuan. Horiek oroitzea merezi du. Baita etorkizunari begira ere, bizi dugun garai nahasi honetan, zenbait portaera autoritario nonahi ikusten direlarik. Uste dut beharrezkoa dela bizirik mantentzea oroimena iraganekoak ez errepikatzeko”.
Horrez gain, atzoko Jesus Maria Leizaolaren eskulturaren inaugurazioarekin lotura moduko bat egin du Goiak. “Euskadi plazan dago eskultura, eta horri loturik anekdota txiki bat dago. Plaza hura, 1936. urteaz geroztik, eta udaletxe frankistak horrela erabakita, Irailaren 13a izena jarri zioten; ‘El dia de la liberacion’. A ze eufemismoa”.