Sandra Garaioa ilustratzaile donostiarrak bere lanak erakutsiko ditu Aieteko kultur etxean
Sandra Garaioa sortzaileak bere lanak erakutsiko ditu Aieteko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan irailaren 14tik abenduaren 11ra. Garaioa Donostian jaio zen 1993an. 2015ean bukatu zuen Usandizaga institutuan Diseinu Grafikoko goi mailako zikloa. Ondoren, Bartzelonara joan zen eta Escola Massanan Ilustrazioan graduatu zen.
Hainbat esparrutan egin izan du lan donostiarrak. Diskoetako azalak diseinatzen, kartelgintzan, baita animaziozko filmak egiten ere. Egun, haur eta gazte literaturan eta narraziogintzan murgilduta dago. Esparru honi dagokionez, hainbat lan ditu argitaratuak: Xabier Olasok idatzitako Hanka, Moko eta Buztan (Ikaselkar, 2021) liburuaren ilustrazio lanak egin zituen; 2020an Etxepare Saria irabazi zuen Itziar Otegirekin batera sortutako Lorerik Gorriena (Pamiela, 2020) albumarekin; eta une honetan, Bang argitaletxearekin komiki proiektu bat burutzen ari da.
Berria egunkariko Mantangorri gehigarrian hilero bere ilustrazioekin kolaboratzeaz gain, zenbait fanzine eta aldizkarietan argitaratu ditu bere lanak. Euskal emakumezko ilustratzaileei buruz Katilék argitaratu zuen eta Gogoratzen naizenetik marrazten dut proiektuan ere parte hartu zuen 2021ean.
Olio-pastelak, argizariak, koloretako arkatzak eta grafitoa erabiltzen ditu bere marrazkietan, eta emaitza “trazu adierazgarri eta sendoak”, forma organikoak eta koloretako orbanak dituen lana da. Bozetoak egitea saihesten du, eta “aldez aurretik gehiegi pentsatu gabe” marraztea gustatzen zaio, ilustrazio “espontaneoagoak eta zuzenagoak” lortzeko.