Santi Cocaren kasuaren epaiketa martxoan egingo dute
Klub Nautikoaren alboko bidean gertatu zen erasoa. 2023ko martxoan egingo dute Santi Coca hiltzeagatik auzipetutako sei gazteen aurkako epaiketa, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera. Zehazki, martxoaren 3an abiatuko dute epaiketa, Gipuzkoako Auzitegian, eta bi asteko iraupena izango du. Auzipetu bakoitzarentzat hogei urteko espetxe zigorra eskatzen dute Fiskaltzak eta akusazio partikularrak; azken hori Cocaren familia da.
2019ko apirilaren 26an Donostiako Nautikoko diskotekan izandako liskar batean hil zuten 17 urte zituen Santi Coca. Espetxe zigorrez gain, 900 euroko isunak jartzea eskatu dute, eta kalte ordainak ere eskatu dituzte: akusazio partikularrak 1,3 milioi eurokoa, eta Ministerio Publikoak, berriz, 350.400 eurokoa. Bestalde, Donostiako Udala auzian herri akzio gisa aurkeztuta dago, eta hogei urteko espetxe zigorra eskatu du auzipetuetako batentzat, Cocari “azken ostikada” eman izana egotzita, dagoeneko konorterik gabe zegoenean; hamabost urteko zigorra eskatu du beste bostentzat, halaber. Defentsak, aldiz, sei auzipetuak libre uzteko eskatu du.
Era berean, aipatzekoa da Gipuzkoako Fiskaltzak instrukzio fasean eskatutako auzitegi medikuen txosten batek kasua aldatu zuela 2021eko maiatzean, Cocaren heriotzak “jatorri traumatikoa” izan zuela ondorioztatu baitzuen, baita “etiologia mediku legal hiltzailea” izan zuela ere.


