Txaparrene pasealekuko egitura osoa berrituko dute
Donostiako Udalak Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuko zoladura berritzeko obrak kontratatzeko espedientea onartu du. Lanek 999.692 euroko aurrekontua dute, eta burutzeko epea sei hilabetekoa da. Ekialdeko Barrutiko Batzarrak bultzatuta, Udaleko Bide Publikoen Zerbitzuak idatzi du proiektua.
Obrak pasealekuaren egitura osoa berritzea dakar, bide zoruen konponbidea bidearen egungo beharretara egokituz. Eremuak oinezkoentzako izaera gordeko du, eta hura inguratzen duen ingurune naturala errespetatuko dute.
Era berean, pasealekuko bizikleta erabiltzaileen kopurua nabarmen handitu dela kontuan hartuta, zoladuran bidegorri bat seinaleztatuko dute, oinezkoen eta txirrindularien arteko pasealekuaren erabilera hobeto antolatzeko eta, modu honetan, ibilbidearen segurtasuna hobetzeko. Bestalde, argiztapen sarea berrituko dute, eta zonako zuhaiztiaren parte bat ere, zuhaitzen egonkortasun baldintzak arriskuan dauden neurrian.