Zinemaldia pelikulez harago: hitzaldi eta eskola magistralak aurkeztu dituzte
Isabel Coixet, Selva Almada, Elena Lopez Riera, Ruth Beckermann eta Natalia López Gallardo izango dira, besteak beste, 70. Zinemaldiaren hizketaldien eta eskola magistraletan. Pentsamendua eta Eztabaida arloak hainbat alderdi jorratuko ditu, hala nola berdintasunaren eta genero aniztasunaren defentsa, ingurumenaren eta lanaren iraunkortasuna industrian eta teknologia berrien eragina.
Pentsamendua eta Eztabaida egitasmoak, hizketaldi, eskola magistral, mahai-inguru eta lan saioz osatutako programa aurkeztu du. Urtean zehar zabaltzen diren proposamenen bitartez nazioarteko zinema jaialdiek eta kultura zinematografiko garaikideak dituzten erronkei erantzuteko jomuga du egitasmoak.
Zinemaldiak, hainbat gai “estrategiko” jorratuko ditu: sorkuntza zinematografikoaren alderdi ezberdinak; berdintasunaren eta genero-aniztasunaren defentsa; industria zinematografikoaren ingurumen- eta lan-jasangarritasuna; eta teknologia berriek ikus-entzunezko paisaian duten eragina.
Begiradak sorkuntza garaikideari
Duela bi urte hasitako bidea finkatze aldera, Hizketaldiak atalak Ikus-entzunezko Eskubideak Kudeatzeko entitateak, DAMAk, bultzatutako bi topaketa proposatuko ditu, gaur egungo artisten lan-prozesuetan eta sorkuntza-unibertsoetan sakontzeko. Alde batetik, irailaren 19an, astelehena, 16:00etan, Isabel Coixet errealizadore katalanak El sostre groc (El techo amarillo) dokumentala aurkeztuko du Sail Ofizialeko emanaldi berezi batean eta bere ibilbide zinematografiko luzeari buruzko zenbait hausnarketa partekatuko ditu. Literaktum Jaialdiarekin lankidetzan, egun horretan bertan zinemaren eta literaturaren arteko harremanak aztertzeko solasaldi bat egingo da Okendo Kultur Etxean, Selva Almada idazle argentinarraren eskutik.
Hizketaldien programa Nesten –Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketaren– esparruan programatutako bost eskola magistralekin osatuko da. Eskola magistral horiek guztiak Tabakalerako zinema-aretoan egingo dira eta diziplinarteko begirada bat eskainiko diote sorkuntza garaikideari.
Hilaren 19an, astelehena,, 11:00etan, Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu ondoren Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko duen El agua film luzea emango da, eta Elena López Riera zuzendariak eskola magistral bat emango du, besteak beste, Ikusmira Berriak programan bizitako esperientzia gogorarazteko. Hilaren 20a, asteartean, 16:00etan, Ariadna Dot ekoizleak eta Giovanni Pompili ekoizle eta Torino Green Lab laborategiko koordinatzaileak filmaketen eta ekoizpen zinematografikoaren ingurumen-jasangarritasunari buruz hitz egingo digute, ekoitzi duten film baten kasuan funtsatuta: Carla Simónen Alcarràs, Berlinaleko Urrezko Hartzaren irabazlea eta Made in Spain sailean programatua.
Hilaren 21ean, asteazkena, 15:30ean, Ruth Beckermann zinemagile austriarrak eskola magistral bat emango du Mutzenbacher bere azken film luzea –Zabaltegi-Tabakaleran barne hartua eta Berlinaleko Encounters saileko irabazlea– eman ondoren. Zinemarako soinu-sorkuntza izango da laugarren saioko protagonista hilaren 22ko, osteguna, saioan, Para One (Jean-Baptiste de Laubier) konpositore, musika elektronikoaren ekoizle eta zinemagilearen eta Aránzazu Calleja musikari eta konpositorearen arteko topaketa batekin. Azkenik, hilaren 23an, ostirala, goizeko 11:00etan, Natalia López Gallardo zinemagileak eskola magistral bat emango du bere azken film Manto de gemas erakutis ondoren.
Bestalde, hilaren 20an, asteartea, 19:00etan, DAMAk bultzatutako hizketaldi bat egingo da Prentsa Klubean, Mariona Borrull, Elisa McCausland, Blanca Martínez eta Júlia Olmo zinema-kritikarien artean, idazkera eta pentsamendu zinematografikoko formatu, ikuspegi eta kanalen inguruan berrikuntzak txertatzen ari diren emakumezko kritikari gazteen belaunaldi berri baten ordezkari gisa.
Egitaraua osorik esteka honetan.