Frankismoaren biktimak omendu ditu Genozidioaren Biktimen Elkarteak
Genozidioaren Biktimen Elkartearen omenaldia. (Argazkia: Genozidioaren BIktimen Elkartea) Genozidioaren Biktimen Elkarteak frankismoak Donostian eraildako herritarrak omendu zituen astearte arratsaldean, urteroko legez, Ijentea kaleko Dual eskulturan. Hasieran batean altxamenduari aurre egin ostean, 1936ko irailaren 13an, Errepublikaren kontra matxinatutako armada frankista Donostian sartu zen, sarraskia eraginez: “Ditugun datuen arabera, ia 400 pertsona erail edo desagerrarazi zituzten”, azaldu du Genozidioaren Biktimen Elkarteak. Udalak ere antzeko omenaldia egin zuen, goizean.
“Urteroko legez, egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa aldarrikatu dugu; izan ere, egun Espainiako Estatuak eskubide hauek ukatzen dizkigu, eta Argentinako justiziarengana edo Nazio Batuen Erakundearengana jo behar dugu gure eskubideak egikaritzeko”, gaineratu dute.
Argentinako justiziak frankismoaren krimenak genozidiotzat jo ditu, eta Genozidioaren Biktimen Elkartekoek beharrezkoa ikusten dute 1977ko Aministiaren Legea indargabetzea, “genoziden inpunitatea bermatzen duelako”. Adierazi dutenez, “beharrezkoa ikusten dugu frankismoaren biktimen memoria defendatzea, eta militar faxisten kontra borrokatu zuten pertsona eta erakundeen balore kultural eta ideologikoak babestea eta iraunaraztea”.



