GI-20 saihesbidea eraldatzeko unea dela dio EH Bilduk
Saihesbidearekin lotura duten auzoetan partaidetza prozesu bat egiten ari dira, eta jasotako lehen ekarpenen berri eman dute.
EH Bilduk nabarmendu duenez, 50 urte bete ditu GI-20 saihesbideak, aste honetan: “1972ko irailaren 12an, Aieteko tunelaren sarreran egin zen ekitaldi batean, Franco diktadoreak Donostiako saihesbidea inauguratu zuen, Herrera eta Añorga artean, zortzi kilometro, sei tunel eta hamaika zubi eta biaduktuekin”.
Eraiki zenean, azpiegitura hori hiriko mugikortasun arazo askoren irtenbidea izan zela dio udal taldeak, “hiriko erdigunetik pasatzen zuten ibilgailu astuna hartuz eta lehen kongestionatuta zeuden kale asko baretuz”. Aldiz, bigarren gerrikoa eraiki zenetik –AP-1 errepidea–, trafikoa erdira jaitsi dela adierazi dute: “Hiria inguratzeko bere funtzio nagusia aldatu egin da eta, hala eta guztiz ere, errepide honek neurri eta espazio bera hartzen jarraitzen du. Hala, GI-20 saihesbidea eraldaketa berri baten atarian dago gaur egun. Galdera bakarra da ea nola egingo den”.
Pasa den otsailean, EH Bilduk GI-20 saihesbidea hiribide bihurtzeko Bariantea eraldatu proposamena aurkeztu zuen. Ordutik, saihesbidearekin lotura duten auzoetan partaidetza prozesu bat egiten ari dira. Lehen fasea bukatuta eta bigarrenaren atarian, prozesuan jasotako ekarpen nagusiak mapa batean jaso dituzte:
- Añorga-Antiguako sarrera irteera biribilgune bidez.
- Hiri jarraitasuna Añorgan: ekipamenduak eta funtzio anitzeko eraikina.
- Herri baratzak eraztun berdearen barruan.
- Disuasio aparkalekua.
- Kristinaenearen eta Astiñeneko zubiaren artean ibai parkea, Astiñene baserria berrituz.
- Polloeko tunela eta Egia arteko oinezko/bizikleta lotura.
- Ekipamendu gehiago.
- Zarata murriztea.
- Disuasio aparkalekua.
- Lan egiteko eta funtzio anitzeko eraikina.
- Bi Intxaurrondoen arteko oinezko/bizikleta zubiak.
- Etxebizitza formula berriak.
- Sozializatzeko eta komunitatea egiteko guneak: aretoa, auditorioa.
EH Bilduren arabera, hiriak Erdialdeko aparkalekuen funtzioak aldatzeko planik gabe jarraitzen du. “Disuasio aparkalekuei buruzko berririk ere ez dago. Eta, gainera, Marrutxipiko lanak hasi dira; hau da, autoak hiriaren bihotzeraino eramateko azpiegitura bat. Zaharkituta jasotzen den errepide bat izango da hau, bidegorririk edo oinezkoentzako gunerik ez duena”, kritikatu dute.
Horren aurrean, udal taldeak uste du Donostian mugikortasun jasangarria ezartzea posible dela, “bai Erdialdean eta baita auzoetan ere”. “Eta saihesbide zaharraren eraldatze prozesuak mugikortasun eredu berri horren mesedetan egongo den tresna da”.