La Esperanza dendaren erreformari emandako lizentzia babestu du udalak
Ancora elkarteak La Esperanza dendaren erreformari buruz egindako adierazpenen aurrean, Donostiako Udalak ohar bat plazaratu du. Puntuz puntu, dendaren erreforma baimentzeko arrazoiak azaldu dituzte.
Lehenik eta behin, denda Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB) katalogatu gabe dagoela adierazi dute: “Beraz, ez fatxadak ez barrualdeak ez dute inolako lege babesik. Babestuta dagoena da, aitzitik, eraikinaren atari osoa da, D mailako babesarekin”. Udalak “prebarikazioa” egingo lukeela gaineratu dute, “babes araubide bat ezartzen badu edo jabeari elementu jakin batzuk mantentzeko agintzen badio”.
Udalak obra eta erreforma lizentzia eman dio jabeari. “Ekintza arautu hau administrazio prozedura zehatz bati lotuta dago, eta, beraz, ez du arbitrariotasun irizpiderik”, nabarmendu dute. “Obra lizentzia horretan, jabeari eskatzen zaio establezimenduaren 1913ko fatxadaren itxura berreskura dezala. Fatxada hori ez da gaur egun marmolezko xafletan aurkezten dena, aurretik egurrezkoa zena baizik. Udalak obra baimena eman du 1913ko egoerara itzuliko dela bermatzeko asmoz (egur eta ondar harriz eraikita) eta ondorengo elementuak kenduz”.
Azkenik, udalak esan du hiriko ondarea zaintzen duela, eta hori hirigintzako ordenamendua arautzen duten lege tresnen arabera egiten duela: “Ezin du, inolaz ere, irizpide lauso, arbitrario edo kontsiderazio partikularretan oinarritutakoen arabera jokatu, nahiz eta ondarea defendatzen dutela diotenek nahiko luketen udalak legez kanpoko ekintzak egitea”.